2009/04/22

Zomorro borrajazaleak

Udaberri bete-betean gaude. Natura esnatu da. Jendea ere umoretsuago dabil. Gure soro eta mendietara joatea baino ez dago zomorro-festaren lekuko izateko. Ezinbestekoa da intsektuek lorerik lore egiten duten erromeria hori naturaren garapena eten ez dadin.

Erleak, erlastarrak… zomorro txiki eta handiak, guztiak presaka mendiko lore guztiak ezagutu nahian bezala. Hegaldi arinez lore bakoitzean tarte laburra eman eta hurrengora...

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Pasa den igandean harrituta gelditu nintzen ikusita zein azkar egiten duten zomorro abilek lore bakoitzeko saioa. Inguruko loreei baino tarte luzeagoa (3 segundo?) eskaintzen zieten bide bazterreko borraja-loreei.

Landare eta zuhaitz batzuek, intsektuak erakartzeko, estrategia aski ezaguna erabiltzen dute: kolore deigarri eta usain gozoko loreak. Intsektuok garraiatzen duten polenak lorea ernaldu eta landare berri baten hazia eta fruitua sortzen da.
Animalien laguntza behar duten landare-espezieek polinizazio entomofiloa izaten dute. Grezierazko ‘entomos’ hitzak "intsektu" esangura dauka.

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Baina ez da polinizazio modu bakarra, badira polinizazio anemofiloa (gr. ‘anemos’, haizea) eta hidrofiloa (gr. ‘hydrós’, ura) erabiltzen duten espezieak. Lehen taldekoak dira, besteak beste, gramineoak eta pinuak; hauek haizearen laguntzaz lore-hautsa barreiatzen dute. Polinizazio hidrofiloan –espezie gutxiago dira– urak zabaltzen du polena.

Animalien artean ere antzeko sedukzio-estrategiak daude: arrak kolore eta itxura deigarriagoa izan ohi du emearen arreta eta interesa pizteko. Horretaz hurrengo batean jardungo dugu.
Euskal Herrian borraja landarea (Borago officinalis, L.) baratzetan erein izan da, hala ere erraztasunez zabaltzen da baratzetik kanpo. Martxotik urrira bitartean ikus dezakegu loretan borraja. Lore urdinak edo zuriak izan ditzake.

2009/03/29, Berango

2009/03/29, Berango

Hosto eta zurtoin lakarra dauzka borrajak. Egosita jan izan da arantza txiki guztiak kendu eta gero. Potasio nitrato ugari duenez ahalmen diuretikoa eta izerdiaraztekoa dauka. Bestalde, gripea sendatzeko, bihotza indartzeko, minak arintzeko eta odola garbitzeko ere erabili izan da.

2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)

Izen ugariko espeziea

Ekonomian edo kulturan garrantzi handiko gauzak eta kontzeptuak izendatzeko forma gutxi (bakar bat askotan) egon ohi da: aza, oloa, haritza… Bestalde garrantzi handirik ez daukaten elementuek izen ugari dauzkate: tximeletak, konparaziorako, ehundik gora izen ezberdin dauzka.

Euskara batuan borraja terminoa erabiltzen bada ere sinonimo ugari dauzka:
Morroin (B, BN), morraiña (Zaraitzu, Erronkari), borraiña (Erronkari), borreñe (GN), borroin (R), morrion (BN), murriun (L), murruin (Z), murrion (Larramendi), porrain (GN), porraiña (BN), porraña (GN), porroin (B), berroya, borraia, burbuilu, burruillu...

Bergaran, “borraja lora” edo “asun aza” esaten zaio.

Gaztelaniaz: borraja, borraja común, borracha, bora, corrago, alcohelo, flores cordiales...
Katalanez: borratja, borraina, pa-i-pexet.
Beste hizkuntza batzuetan: Borragine (italieraz), borretsch (alemanez), borage (ingelesez), bourrache (frantsesez)…

2009/03/29, Berango
Etimologia bitxiak
Lacoizqueta botanikoak 1888an argitara eman zuen hiztegian (Diccionario de los nombres éuskaros de las plantas) hiru forma dakartza: murriona (Larramendiren hiztegitik hartuta), morroina, porraña eta borraja.
Eta sarritan aipatu ohi denez, “euskaldun bat non etimologiazale bat han”...

1.-“Murriona de MURRIA tristeza, melancolía y ONA bueno, cuyo conjunto equivale a buena para curar la tristeza o melancolía, de cuya reputación gozó en otro tiempo, y aun hoy entran sus flores como béquicas y sudoríficas a componer las que se llaman cordiales".
2.-“MORROINA, corrupción de MURRIONA, aunque puede venir también de MURRIA pared, muro y OINA pié, y quiere decir pié de muro, aludiendo a su estación que es la base de las murallas de los huertos”.
3.-“En esta comarca es conocida con la denominación de PORRAÑA, de PORRUA puerro y aña tanto o como tanto, cuyo compuesto vale como si se dijera, tanto como el puerro, aludiendo a su propiedad de purgar los humores melancólicos, como el puerro los humores gruesos y pegajosos, o al uso en ensalada común a una y otra especie”:

Euskaraz nagusi den borraja izena gaztelaniatik dator eta hau katalanetik (borratja). Katalanak latinetik hartu zuen (borrāgo, -inis).

2009/03/29, Berango

Corominasek bere aldetik, arabieratik eratortzen du:

“Probablemente del árabe vulgar buc’arāq (clásico ‘abu c’āraq) ‘sudorífico’ (literalmente, ‘padre del sudor’), por ser ésta conocida propiedad de la planta”.

Esan dugun bezala, zientzia-izena Borago officinalis da.
Generoa, latina da (borrago, -inis). Espezieak botiketan eta medikuntzan erabili izan dela erkartzen digu gogora: officinalis “botikakoa” (Berbena eta erromeroa bezala: Verbena officinalis, Rosmarinus officinalis, hurrenez hurren). Farmazia zaharrek “oficina” izeneko gela bat zeukaten, botikak prestatzeko erabiltzen zena.

Intsektuek abesten dute: "Txuri-urdin, txuri-urdin maitia..."
2009/04/19, Urezarantza (Gorliz)


Quedar en agua de borrajas
Zerbait ezerezean gelditu dela adierazteko erabiltzen da esapide hori. Batzuen iritziz jatorrizko esapideak “agua de cerrajas” (kardabera) jasotzen zuen, eta aldatu de urteen poderioz. Kardabera-urak ez du ezertxotarako balio, hortik omen dator.

Joan Amades-ek Refranyer català comentat (1935) liburuan, “Tornar-se aigua de borratges” esapidearen atzean borrajaren ernatzeko gaitasuna dagoela aipatzen du. Izan ere, herri-sineskeran zabalduta zegoen «zapaltze hutsarekin, emakume bat haurdun gera zitekeela. Errazago oraindik egosi eta haren ura hartzen bazuen». Seguraski, borrajak zapaltzeko esperientzia etsigarri hark (ez zirelako haurdun geratzen) eragina izango zuen gerora esapideak hartu zuen adieran.

3 comentarios:

Sugandila dijo...

Kaixo Josu! Oso polita artikulua eta gauza pare bat dekodaz komentatzeko:

Lehenengoa Murrioinaren inguruan. Hiztegi horretan esaten da Murria trsitezia dala, edo holako zeozer ezta? Ba kuriosoa da, baina nire napartar familiak "morriña" erabiltzen dau amatzulo edo maitasun/laztan eske dabilenaren aldarteari. Nire familia napartarra oin belaunaldi batzuk galdu eban euskerea baina hiztegia erdia euskalduna daukie euren jakin barik kasik. Polita da hitz naparren etimologia. Euskaldun bat non, friki bat han :)

Beste gauza kuriosoa da ekonomian, gauza inportanteei hitz bakarra emotearena eta garrantzirik ez daukieneri asko emotea. Gogoeta ona, baina, tximeletek ez al dabe laguntzen ba polinizazio etomofiloan?

Josu Larrañaga dijo...

Iepa kazetari!
Egia da Jose María de Lacoizqueta (1831-1889) etimologietan baino txukunago ibili zela botanika arloan, baina tira. Narbarteko (Bertizarana)semea izan zen. Bere jaioterrian egon zen parroko lanetan 31 urtez, eta bere hiztegi horretan jasotzen dituen lekukotasunik gehienak herri horretako euskararen isla dira. Egia da Nafarroan euskara galdu duten herrietan, gaztelaniak kolore berezia daukala... Gaiak interesa sortzen badizu, irakurri (kontsultatu) José María Iribarren-en "Vocabulario Navarro". Hain urrutira joan gabe, Algortako gaztelaniaz ere euskaratik hartutako hainbat hitz erabiltzen dira: chiri-chiri, lagun/lagunchu, potolo...

Bai, tximeletek ere polinizazioan laguntzen dute... baina horrek ez die entitaterik ematen izen gutxi izateko... Dena dela, izen gutxi izateak ez gaitu eraman behar ezinbestean garrantzi handikotzat jotzera: zorria, inurria/txingurria...

Sugandila dijo...

Iribarren-en Vocabulario Navarro hori badekot etxean, eta gozada bat da!!