2008/12/23

Horra horra gure Olentzero!

Urtero bezala, garai honetan hainbat sentipen berritzen ditugu. Urte zaharra amaitzear dugula, egindakoaren balorazioa egingo dugu eta urte berriaren atarian, hainbat helburu, eta asmo on markatuko ditugu. Krisiak krisi, egun bakoitzak ematen digun freskotasun berarekin zerotik hasteko aukera emango digu 2009 urteak, berriro ere.

Euskal Herrian, Olentzerok protagonismoa nabaria dauka Gabonetan. Pertsonaia sinbolikoa dugu ikazkina, kristautasuna etorri aurreko sineste zaharren lekuko indarberritua.

Eguzkia da gakoa, eguzkiak argia eta epeltasuna dakartza, eta eguzkiaren indar hori ezinbestekoa da nekazaritzarako. Euskaldunok “Eguzki amandrearekin” harreman estua izan dugun betidanik. Hor kokatzen dira neguko eta udako solstizioak: urteko garai magikoenak.

Elizak Jesukristoren jaiotza abenduaren 25ean ospatzen du. Fede kristauaren epizentro bihurtuz, Europa zaharreko sinesteen data seinalatua: neguko solstizioa.
Gauza bera egin zuen Elizak San Joanen ospakizuna udako solstizioan jarri zuenean, Gauza jakina da Joan Bataiatzailea Jesukristo bera baino sei hilabete lehenago jaio zela.
Europa zaharreko mugarri zirenak Europa berrian ere halakoxeak dira.

Solstizio hitza latinetik dator: solstitium-etik (sol sistere, ‘eguzkia geldirik’).
Neguko solstizioa, hego hemisferioan abenduaren 21-22an da. Egun horretatik aurrera egunak luzatzen dira, eta hori ospatu beharra dago!!

Izotzezko Olentzero (Algortako geltokia, 2007ko Gabonak)
IZENA

Olentzero izenaren aldaera asko daude: Olentzaro (Orexa, Lesaka eta Arakil), Olentzero (Bera, Irun, Oiartzun eta Donostia), Orentzaro (Zarautz), Onentzaro (Andoain), Orantzaro (Berastegi eta Larraun). Hitzaren amaiera garbia da: –zaro edo –aro, 'garaia, sasoia'. Baina lehen zati horren esanahia zein izan daitekeen adostasunik ez dago:

a) XVII. mendean Isasti historialariaren iritziz Gabon gauak “Onenzaro” izena hartzen zuen, ‘onen sasoia’. Azkue ere uste berekoa zen.

b) Seber Altuberen irudikoz Olen- elementua Noël hitzaren eboluzioa da: Noël, ‘gabon ospakizuna’ frantses zaharreko Noël/Nael hitzetik eratorri zen, eta azken forma hau latinezko natalis (jaiotza) hitzetik. Ingelesezko Noel ere frantses hitzetik omen dator. Papa Noel beraz, Gabon gabeko beste pertsonaia sinbolikoa da. Egia da, Santa Claus (AEB) edo San Nikolasekin identifikatzen dela. Baina batak ez du bestea kentzen.

c) Julio Caro Barojak garai honetan abesten ziren “O”ren antifonekin lotzen du ditxosozko 'olen-' hori (“les O de Noël”), hortik Oleries, 'O-en garaia'.

d) Satrustegiren aburuz, Oles, eske-kantuetako esapidea da. Gaur egun ere “Oles-oles ibili” esaten zaio eskaera edo diru-biltzeari, Bizkaiko zenbait tokitan (Olaeta, Otxandio...). Olentzero kantaren Urdiaingo bertsioak hala dio:

Olez, olez,
bakallu jalez,
bost eta sei hamaika
txorixorik ez balin badago
igual dela lukainka.

IZANA

Urteko azken garaiaren irudikatzea da gure Olentzero maitagarria: itxura zarpaileko ikazkina.

Zergatik ikazkina? Suarekin dabilelako, eta sua, solstizio bietan eguzkiaren errepresentazioa da. Pipa erretzen ageri zaigu, hori ere suarekin dago lotuta.

Jatun handia da. Zergatik? Oso egokia da aitzakia hori eske-kantetan, etxerik etxe jaki gehiago eta gehiago eskatzeko...

Olentzero erre? Herri batzuetan (Lesaka eta Goizuetan) erre egiten da herriko plazan. Esan dugun bezala, Olentzero urte zaharraren desagerrarazteko eta berriari lekua egiteko erre beharra dago. Sua berritzaile fina dugu, dena garbitzen du-eta.

SUA eta SUBILA

Beste izen batzuk ere badauzka garai honek: Subilaro (Arakil), Suilaro (Sara), Xiularo (Uharte-Mixe), Suklaro (Zaraitzu), Galerre (Altsasu eta Alegi), Kalerre (Ulibarri-Ganboa)...

Izen gehienak etxeko sutan, Gabon gauean erretzen zen enborrarekin lotzen dira. San Joan bezperako suaren modukoa da hau, su berezia. Etxekoak babesten ditu.

Hemendik hartutako argazkia.

Etxe barruan erretzen den enbor honek (subila) izendapen asko ditu Euskal Herri luze-zabalean: Olentzero-enborra (Oiartzun), Onontzaro-mokorra (Larraun), Gabon-subila (Antzuola eta Abadiño), Gabon-mukurra (Bedia), Gabon-zuzia (Zegama), Subilaro-egurra (Aezkoa)...

San Joanetakoa ez bezala, etxe barruko sua da neguko hau. Gotzon Garatek batu zuenez: Sua gabonetan txapan, San Juanetan plazan.

GABON-GAUA eta EGUBERRI EGUNA

Amaitzeko terminologiaren inguruko argibide txiki bat:

Abenduaren 24, gaua: Gabon-gaua, Olentzero (garai batean)
Abenduaren 25: Gabon-eguna, Natibitate-eguna, Eguberri eguna.

Bitxia bada ere, 24an gaztelaniaz bezala gauaren eta gau horretako suaren ontasuna azpimarratzen da, EGUBERRI egunean berriz Egu- (‘argia’, Egu-n, Egu-zki...) argi berria nabarmentzen da, zaharra atzean utzita.

Kristau-sinestunentzat zein sinesgabeentzat garai ederra da hau. Badago zer ospatua: egunak luzatzen hasten direla edo Jainko gure artean haragitu dela... Familiarteaz eta lagunarteaz gozatzeko garaia ere bada.

Zorionak eta Eguberri on denoi!!

2008/12/09

Animalien eskubideen nazioarteko eguna

1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zen. Handik 50 urtera, 1998an, Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna finkatu zen: International Animal Rights Day.
Harrezkeroztik abenduaren 10a giza eskubideen aldeko eguna ez ezik sufritzeko eta gozatzeko gaitasuna daukaten gainerako izaki guztien eguna ere bada. Aldarrikapen eguna da, elkartasun eguna. Animaliekiko hartu-emanetan gizakiok dugun jarrera poliki-poliki aldatu nahi dugu.
Ez dugu onartu behar, animalia-espezie jakin batzuek zientziaren, kirolaren edo irabazteko irrika zoroaren izenean sufritzea.
Animaliok ere bizitzeko, aske izateko eta euren inguruan gozatzeko eskubidea daukate.

Ez da kontu erraza, ordea, gizarte kontsumista honek gero eta produktu gehiago eskatzen dituelako eta denbora-tarte txiki-txikian. Dena da “erabiltzea eta botatzea” gure neurrira eraikitako mundu zoriontsu horretan: larruzko berokiak harrotasunez janzten ditugu, ez dugu ezkutatzen zezenketetan parrandarako irrikan, kaioletako txorien abesti negartiez apaintzen dugu gure antzeztokia...

Txikitatik, heredatzen dugu animaliekiko basakeria: sugandilei buztana moztuz, eltxoei hegalak erauziz, txoriak harrikatuz... Gaztaroko ankerkeria hori kroniko bihurtu zaigu tamalez...


Hona hemen gaztelaniazko webgune interesgarri bat.

Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala
Animalien Eskubideen Nazioarteko Ligak onartua. 1978ko urriaren 15ean, Nazioarteko Ligak, Liga nazionalek eta erakunde hauetara atxikitako pertsona indibidualek aldarrikatua. UNESCOk, lehenik eta NBEk ondoren, onartua.

1. artikulua
- Bizitzaren aurrean animalia guztiak berdin jaiotzen dira eta biziraupenerako eskubide berak dituzte.
2. artikulua
- Animalia orok errespeturako eskubidea du.
- Gizakiak, animalia espezie bat den adinean, beste animaliak suntsitzeko edo esplotatzeko eskubiderik ez du. Bere ezagutza animalien zerbitzura ezartzeko betebeharra du.
- Animalia orok du gizakiaren arretarako, zainketarako eta babeserako eskubidea.
3. artikulua
- Animaliei ezin zaizkie tratu txarrak eta krudelak eragin.
- Animalia hil behar bada, bat-bateko heriotza, minik gabea eta estuasunik eragingo ez diona izango da.
6. artikulua
- Gizakiak kide gisa onartu duen edozein animaliak bere bizitza bere biziraupen naturalaren modukoa izateko eskubidea du.
- Animalia bat abandonatzea, ekintza krudel eta umiliagarria da.
10. artikulua
- Animaliak ezin dira hezi gizakiaren dibertimendurako.
- Animalien agerraldiak eta ikuskizunak animalien duintasunarekin elkarrezinak dira.
11. artikulua
- Beharrik gabe animalia baten heriotza eragiten duen edozein ekintza biozidioa da, hau da, bizitzaren aurkako krimena.
14. artikulua
- Animalien babeserako erakundeek gobernuan ordezkaritza izan behar dute.
- Animalien eskubideak gizakienak bezalaxe, legez babestu behar dira

2008/11/30

Mihura, parasito magikoa

Kalekumeok ‘mihura’ hitza entzun eta batetik arraza suharreko zezena edo idazle baten akordua (Miguel Mihura) datozkigu bat-batean. Azken batean, jatorri japoniarreko abizen espainiarra dugu. Baina gure artean mihuraz aritzen garenean landare parasitoa izan ohi dugu hizpide, zuhaitz batzuen adarretan bizi den landarea, alegia.

Aurten ere San Tomas (Euskaltzaindia dixit) azokan mihura-saltzaileak aurkituko ditugu gure herrietako plazetan, etxeko ateburuan jarrita zorte ona ekarriko digulakoan. Zertarako erabili izan da mihura gure artean? Eta Europako beste herri batzuetan?

Mihura, elorri zuri batean (Urigoiti, Orozko)

Gaztelaniaz muérdago esaten zaio. Bere zientzia-izena Viscum album da.

Esan dugun bezala, mihura landare parasitoa da baina ez da zuhaitz guztietan hazten, nagusiki fruta-arboletan hazten da; haritz, arte, makal zein bestelakoen adarretan ere bizi ohi da.

Mihuraren hosto-galtzarbeetan sortzen diren fruituak sexubakarrekoak dira; landare bakoitzak sexu bat baino ez dauka. Fruitu emeak baia zuri likatsuak bihurtzen dira. Fruituok neguan heltzen dira. Fruitu bakoitzak hazi txikia dauka, hegaztiek (zozoek batez ere) berauek jandakoan itsatsita geratu zaien mokotik kendu ahal izateko zuhaitzen adarretan uzten dutena.

Erabilera ezberdinak

Mutrikun txahala egin berritan behiei mihura-ura eman izan zaie karena edo plazenta botatzeko. Bestetik, txoriak harrapatzeko lika egiteko ere erabili izan dira mihura-fruituak. Txoriak modu honetan harrapatzea debekatu dago gaur egun. Hona hemen txori koittaduak nola harrapatzen ziren:



Abadiñon tentsioa jaisteko erabili izan da landare hau, infusioan hartuta.

Bestelako erabilerak ere izan ditu mihurak: lunbagoa eta ziatikaren kontra egiteko, baita ospel eta barizeak kentzeko.
Minbiziaren aurkako borrokan emaitza onak lortu dira mihurarekin, izan ere bere molekula eta proteinek tumoreei aurre egiten dietela frogatu dute hainbat ikerketek.

Dena dela, landare honen toxikotasunagatik bere salmenta debekatuta (edo oso mugatuta) dago.

Landare sakratu eta magikoa

Antzinako druiden artean sakratua zen mihura, gaitz magiko zein fisikoei aurre egiteko aproposa. Babesgarri eta sendagarri –magiko– indartsutzat zeukaten. Bakearen ikurra ere bazen eta kutun babesgarria. Gizontasunaren sinboloa zen, gorostiarekin kontrajarrita zegoena (emetasunaren ikurra azken hau). Sehasketatik zintzilikatzen zen maitagarri edo hadek umerik lapur ez zezaten. Elezahar batzuek diotenez mihuraren botere magikoa bere sorreratik dator; ez delako ez zerutarra ez lurtarra, bere sustraiek ez dutelako lurra ukitzen. Horregatik hartzen denean ez da lurrera jausi behar eta jasotakoan sabaitik zintzilikatu beharra dago.

Mito batzuen arabera, tximista batek zuhaitz batean jotzean sortzen da mihura, modu horretan sinbolikoki zeru-lurrek bat egiten dutelako.


Garbiñe Agirrek "Druidak Zesarren testuetan" izeneko artikuluan honakoa aipatzen du:

"Plinio Zaharrak (Historia Naturalis) druiden zeremonia baten berri ematen digu. Mihura jasotzen ikusi zituen; ilargiaren seigarren eguna aukeratzen dute horretarako eta prestaketa moduan oturuntza eta bi zezen zurien sakrifizioa egiten dute. Druida arropa zuriz zuhaitzera igoko da eta urrezko igitai batez mihura adar bat ebakiko du eta kapa zuri batean jasoko. Zezenak orduan sakrifikatzen dira".

Tximistetatik, gaiztakerietatik eta gaixotasunetatik babesteko erabiltzen zuten, emakumeei haurdun geratzen laguntzeko, ikusezin bihurtzeko, zauriak sendatzeko...
Udako eta –batez ere– neguko solstizioetan jasotzen zuten, –ahal zela– haritzetan jaiotako mihura-adarrak.

Gaur egun mihura, zorionarekin lotzen da eta Gabonetako jaietan erabiltzen da. Esaten dutenez, adar txikitxo bat baino ez da jarri behar eta sekula ez da diruaren truke eskuratu behar, bestela zoriona desagertu eta zoritxarrak ekar ditzakeelako. Modu honetan landarea modu magikoan babesten da, bai merkaturatzetik bai neurrigabeko inausketetatik.
Mihuraren azpian dauden bikotekideek elkarri musua emanda euren maitasuna iraunarazten omen dute. Beraz badakizue, ez erosi mihurarik, edo erostekotan oparitzeko izan dadila... adar-txikiak erabili eta on egin diezazkizuela mihurapeko musuek.

Euskaraz, gaztelaniaz eta latinez mihura izendatzeko hitzen inguruan gehiago jakiteko klikatu hemen.

2008/11/06

Obama presidente, arranopola!

Bada gure artean errealitatea -ezinbestean- zuria ala beltza dela dioenik. Ustez manikeismo hori gaindituta dagoen honetan sarritan gogorarazi behar izaten zaie batzuei kolore grisak eta nabarrek dakarten aberastasuna... Ideologien globalizazioak ekarri du aukeren eta ideien homogeneizazio hau.

Hilabete luzeetan Ameriketako Estatu Batuetatik zuriaren eta beltzaren arteko lehia bizi izan dugu. Hautagaiek Etxe Zuria izan dute amets...

Lehengo egunean, irratian, Gipuzkoan bizi den eta Obama abizena daukan emakume batek zioenez “arranoa” esanahia dauka AEBetako azken hauteskundeak irabazi dituen hautagai demokrataren deiturak. Bitxia, pentsatu nuen, arrano beltza. Arranopola! Barack Obamaren aita zena keniarra zen. Obama abizena oso ugaria omen da Afrikako Ginea herrialdean. Gabon, Kamerun eta Ginean dagoen Fang etniakoen hizkuntzan erabiltzen da “obama” hitza.

Hemendik hartutako irudia

Ameriketako Estatu Batuetako ikurra da arranoa. Baina ez edozein arrano, “arrano burusoila” izenekoa, zientzia-izenez, Haliaeetus leucocephalus. 'Burusoila' izendapena izan arren ez da burusoila; ale helduek buruan luma zuriak dauzkate. Zuri-beltza da arrano hau, Obamaren aita eta amaren modukoa. AEBetako ereserkian ere aipatzen da arranoa...

AEBetan ehuneko batera ere ez dira iristen bertako jatorrizko biztanleak, indiarrak alegia. Hilabeteetako kanpaina honetan Barack hautagaia indiarren erreserba batera joan zen boto ehizan; Montanan, Arrano Beltza izeneko indiar batek hautagai demokratari ‘garbiketa’ erritual baten bidez izena aldatu zion, bere izen berria: Awe Kooda Bilaxpak Kuuxshish (‘lurraren bitartez herriari laguntzen diona’, hala bedi).

Barack Hussein Obamak izen ugari izan ditu: Barry Soetoro, Barry Obama, Barack Dunham, Barry Dunham... Indonesian bizi zela lagunek Barry esaten zioten. Barry da bestealde George Bushen txakurra, txakurraren kolorea imajinatuko duzue... beltza. Ondo hezitako txakur honekin agertu zen Gabonetan AEBetako presidentea.

Obama gaztetan Barry, Bushen txakurra ere Barry. Zaharrak barri.
Badoa Bush eta badator Obama... Bush abizenak ‘zuhaixka’ esanahia dauka... Aukeran, zein nahiago? Zuhaixka ala arranoa, flora ala fauna... dena da naturala!

2008/10/13

Aurrerakuntza ez da broma!!

Ez da txantxa, ez. Euskal Herriko paisaiak aldatzen dihardu. Lehorrekoei baserri inguruko belar-meten desagertzeak uzten dien sentsazio berbera gureganatzen dugu itsasaldekook gure portuetan zurezko ontziak urritzen ikustean. Aurrerakuntzak aldaketak eragin ohi ditu kulturan. Gure kultura materiala ikaragarri azkar ari da aldatzen.

Algortan, Arriluzeko portura joatea baino ez dago horretaz ohartzeko. Garai batean, ontzietako ohol ustel edo hondatuak aldatzen jarduten ziren arrantzale zaharrak... Egurrezko itsasontzien ordez, orain, plastikozkoak nagusitu zaizkigu.

Arriluzeko portuko zurezko ontzia

Inork gutxi gogoratu arren egurrezko ontziok bazuten zomorro txiki bat –egokiago esateko– molusku txiki “zital” bat. Ontziaren ur-azpiko aldean berau zulatzeko zaletasun “berezia” zeukaten/daukate... Zulatutakoan ohol hori usteldu egiten zen eta ahalik eta azkarren aldatu beharra egoten zen. Gaztelaniaz, teredo, taraza edo broma esaten zaio. Euskaraz... nola? Zizare barrenaria (Euskalterm), mamorroa, broma...

Molusku txiki honetatik babesteko patentea ematen zaio ontziari. Pintura honen funtzioa zorioneko molusku hauek eta lapa-txikiak (balanoak) ontziaren kroskoan itsastea eragoztea da. Ez ditugu nahastu behar zizare barrenariak (moluskuak) eta balanoak (Algortan “escaramujo” izena hartzen duten krustazeoak). Lehenengoek ontzia zulatzen dute, bigarrengoek aldiz itsatsitakoan, ontziaren abiadura moteltzen dute.

Ontziak ezezik bestelako egurrak ere gustuko ditu
Hemendik hartutako argazkia

Bere zientzia-izena Teredo navalis da. Grekerazko teredo/n hitzak molusku honen izena izateaz gain ‘sitsa’, ‘harra’ ematen zuen aditzera. Navalis, berriz, ‘itsasontzietakoa’ esanahia daukan latineko hitza dugu.

Euskara batuan zizare barrenaria (Euskalterm) erabiltzen dugu. Esanahi garbiko hitza. Ingelesez ere bere esanahia ezin garbiagoa da shipworm, ‘ontzietako zizarea’. Mutrikun gomia esaten zaio (goma mugagabean). Ikusiko dugunez Mutrikuko euskarara gaztelaniatik pasatu zen (broma) eta gaztelaniara grekeratik...

Gaztelaniazko hitzik ohikoena broma da. Bai, ez da txantxa! Broma hitza grekeratik dator, ‘txantxarra’ esanahitik. Santander aldean “gruma”, Asturiasen “gruma/groma”...

Teredo (edo teredón) hitza ere erabiltzen da gaztelaniaz. Gorago ikusi dugunez, grekeratik dator. Frantsesek “taret” esaten diote.

Gaztelaniazko taraza hitza gaztelaniazko "tarazar" (‘txikitu’) aditzean du jatorria. Azken honek ‘suntsitu’ esanahia zeukan latinezko “tractiāre” hitzetik dator.

Algortan –hainbat lekutan bezala– bicho esaten zaio; hau ere ez da broma!

Hara hor zorioneko barrenari, zulatzaile, perforeitorra!
Hemendik hartutako irudia

2008/10/02

Baso bizar-zuriak

Aurreko batean basoak atzamarrak dituela (Lonicera sp.; Amabirjinaren/Jainkoaren atzamarrak) esan genuen. Lehengo egunean asfaltoa utzita, ikaratuta geratu nintzen gure basoen agure itxuraz. Bai, bai, bizar zuri dotorez jantzita dauzkagu basoak. Atzamarrak, bizarra... Askori oharkabean pasatu arren, arreta apur bat nahikoa izaten da hainbat elementu eder aurkitzeko; kolore, usain eta itxura ugarikoak gainera. Guztioi gertatu zaigu inoiz bazenik ere ez genekien zerbait topatuta, aurrerantzean nonahi ikustea, besterik egongo ez balitz bezala.

Ferietako "azukrezko kotoia"?

Zer dira ba basoetako bizarrok? Euskara batuan aihenzuria (edo ezkabia-belarra) esaten zaion landarea da. Zehatzago esateko landare honen fruituen lumadun “isatsak” dira, zuriak eta itxura deigarrikoak. Gaztelaniaz clemátide da zabalduen dagoen izena. Zurezko landare igokaria da aihenzuria. Nahiko ugaria gure basoetan; zuhaitz eta sasitzetan gora hazi ohi dena.
Udaberrian eta –batik bat– udan botatzen ditu loreak eta orain, udazkenean, fruituak heltzen direnean bizar itxura hori ematen diote.

Loreak eta fruituak, uda eta udazkena

Izena eta izana, biak, bat direnez, hona hemen landare honen izenen inguruko zenbait gorabehera:

Landare honen zientzia-izena Clematis vitalba da.
Generoa, Clematis, zenbait landare igorariren latinezko izen klasikoa da. Grekerazko klematís izenean du jatorria eta bere esanahia –grekeraz- ‘aihen txikia’ da. Grekerazko klematís hitza berriz, klemas hitzean du jatorria, ‘aihena edo zurtoina’.
Espezieari dagokionean, vitalba, erromatarrek zerabilten “vitis alba” (aihen/mahatsondo zuria) izenetik dator. Izen hori ematen zioten erromatarrek astamahatsari (Bryonia alba) nagusiki.

Bizarren zuria eta iratzeen berdea!!
ITXURA

Aihenzuria (Hiztegi batua), aihen xuria (Zuberoa).
Lore eta fruituen inguruko lumei erreferentzia egiten die; latinezko “vitalba” hitzaren baliokidea da. Hainbat hizkuntzek ere jaso zuten ideia hori: gaztelaniak (vidalba, vidraria, viña blanca), frantsesak (vigne blanche), portugesak (vitalba, vide-branca)...

Ingelesez izen politak dauzka, Old man's beard, ‘gizon zaharraren bizarra’ eta Traveller's Joy, ‘bidaiariaren poza’.

Amarauna (Eibar). Armiarma-sarearen antza daukatelako eibartarrentzat luma zuriok.

Gaztelaniazko cabello de ángel, izenak ere bere itxura gogorarazten digu.
Aixena (Eibar, Bergara); aixen-ezkerra (Mutriku, Lekeitio, Deba).
Zurtoinaren itxuragatik. Garrantzitsua da ez nahastea landare espezie hau aurreko batean ikusi genuen euskara batuko ezker-aihen edo ezkertearekin (gaztelaniaz, campanilla edo correhuela).

Tximeleta bizar gainean
FUNTZIOA

Ezkabia-belarra (Hiztegi batua).
Azaleko gaixotasunak sendatzeko ibiliko omen zen sasoi batean (ezkabia ‘tiña’).

Basozigarroa (Bergara, Mutriku).
Garai batean erre egiten zutelako gaztetxoek, aihena ihartuta zegoenean.

Sasitzan gora, aihenzuria

Gaztelaniazko hainbat izenek (hierba de los pordioseros, hierba de las llagas, hierba ardiente) erdi-aroko eskaleek zeukaten ohitura bitxi bati egiten diote erreferentzia: landare honekin zauriak egiten zituzten azalean herritarren errukia bilatzeko asmotan.

Zoazte basora eta ea zeren itxura hartzen diozuen: bizarra, amarauna, aihena...

Orrazkera txukuna!

2008/09/23

Ongi etorri ubarroiok!!

Iritsi da udazkena. Udagoiena, larrazkena. Egutegiaren bidez baino ederragoa da udazkenaren etorrera naturaren ahotsez aditzea, baso eta parkeetako orbela zapaltzean edota hegaztien joan-etorriaz ohartzean...


Ibaizabalen, Bilboko itsasadar zaharrean, poliki-poliki ugaritzen doaz ubarroiak, hegazti beltz handi maitagarri horiek.


Abuztuan etortzen dira lehen migratzaileak, izan badira urte osoan gure artean geratzen diren gutxi batzuk, baina gehienak udazken-negua pasatzera datoz gurera. Irailean eta urrian ikus dezakegu ubarroirik gehien. Martxo eta apirilera arte egongo dira. Ongi etorri ubarroiok!! Ikaragarri edertzen dute Ibaizabal. Sestao eta Axpeko dartsenetan, Abra barruan.... ikusiko ditugu, haitz, buia zein itsasontzietan. Talde ederretan, nerabe-koadrilak bailiran.


Ubarroi handia (Phalacrocorax carbo)

Hemendik hartutako irudia

Arrantzale finak dira, baina ondo pentsatu behar izaten dute noiz murgildu uretan, izan ere euren hegalak ez dira hegazti gehienen modukoak, eta urez betetzen zaizkie, iragazkorrak dira. Horregatik, sarritan, “besoak” zabal-zabalik egoten dira hegalok noiz lehortuko zain.


Oraintsura arte babestuta egon da ubarroia, baina bere populazioak gora egin ahala, mundua geure neurrira ekarri nahi dugunez, deseroso bilakatu zaizkie batzuei. Aisialdian arrantzatzen ditugun arrainak ubarroiaren dietaren oinarrian egotea da "arazoa"... Gure aisialdiko arrantza ala ubarroien bizirautea? Galdetzea ere!

Iazko abenduan Bizkaiko Foru Aldundiak 120 ubarroi hiltzea baimendu zuen, Europan babestutako espeziea izanda... Antza denez, hau ez da Europa.


Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis)

Hemendik hartutako irudia

Bitxia da animalien euskara batuko izena. Bueno, izena baino bitxiagoa da hitzok non erabiltzen diren: Gipuzkoako bi, hiru, lau herritan...

Bi ubarroi daude gure artean, Phalacrocorax carbo eta Phalacrocorax aristotelis. Euskara batuan lehenari ubarroi handia esaten zaio eta bigarrenari ubarroi mottoduna.

Euskara batuko ubarroi hitza nagusi da gaur egun, zorioneko “cormorán” hori izendatzeko, baina Azkuek bi herritan baino ez zuen jaso forma hori, Irunen eta Donostian.

Hainbat dira ordea, hegazti hauen izendapenak:

Potorro (Mundaka, Bermeo, Elantxobe...), sakillo (Ondarroa), ubarroi (Irun, Donostia), kabarroso/gabarroso (Zarautz), karrabaso (Lekeitio), balantxori (Mutriku), kormoroi (Zumaia), brojo (Hondarribia)...

Ubarroi mottoduna, igerian

Hemendik hartutako irudia

Bizkaian, gaztelaniaz egiten den herrietan:

Pitorro (Zierbena), pato/pato de mar (Santurtzi), eta urgallo (Algorta).

Bitxia da Algortako “urgallo” hitza; dirudienez, erdia euskara (ur) eta erdia gaztelania dela (gallo, ‘oilarra’).

Gaztelania “batuan” cormorán da nagusitu den forma; cuervo marino ere oso ezaguna da.

Gaztelaniara frantsesetik pasatu omen da CORMORÁN hitza; eta frantsesera latin berantiarretik omen dator: “corvus marinus”. Eta dakigun bezala hitzak higatzen doaz, etengabe, gupidagabe... Corp maring > cormareng > cormaran > cormorán.

2008/09/15

Ibilgailuak eta animaliak

Era guztietako modak daude. Ibilgailuen atzealdeetara ere iritsi dira zorioneko modok. Matrikula ondoan, autoaren markaz gain, sarritan, animalia baten pegatina ere ikus dezakegu. Honek astoa, hangoak ardia, beste horrek zezena... Hotzean hartuta pentsa genezake animaliazale ugari dagoela gure artean. Baina honezkero konturatuta egongo gara gehienetan animalien euren irudikapenaz gain beste zerbait ere erakutsi nahi izaten dela... Geure bizitzako arlo askotan bezala, ingurukoak ondo sailkatuta, bananduta, multzokatuta nahi izaten ditugu: horrela janzten bazara, halakoa zara; kirol jakin bat egiten baduzu eta zapatu gauean gomina-festa badaramazu buruan, zalantzarik gabe... enfin.


Animalien ideologizazio gupidagabea xelebrea da oso; norberaren herriaren izaerarekin lotu nahi izaten dugu animalia bakoitza, erasokorra, otzana, alaia... Hona hemen gure inguruko autoetan ikusitako batzuk:


Ardia da, gehien ikusten dena. Ez da edonolako ardia ordea, ardi latxa arrazakoa da. Kantauri itsasoko isurian ardi-motarik ugariena da. Ez da Euskal Herriko mota bakarra (merinoa, bizkaitarra, manexa...). Ardi latxak euria ondo jasaten du, esne ugari ematen du...

Askok Espainialdeko zezenaren euskal bertsiotzat jotzen dute ardi latxa, baina nondik nora lotura hau? Dirudienez, Tolosako gazte koadrila batek Katalunia aldera egindako bidaian hango ibilgailuetan astoa ikusi (zezenari aurre egiteko sortua) eta Euskal Herrirako animalia ezberdin bat aukeratu beharra ikusi zuen.

Gaur egungo Ardi Latxa Kultur Elkartea, irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Horrelakoa da sorreratik, gazte koadrilak sortu zuenetik. Talde honek Euskal Kultura bultzatzea du helburu eta produktuen salmentatik biltzen duten dirua horretara bideratzen dute.


Asto ugari ikus daitezke kotxeen barrualdean ez ezik atzealdean ere. Astoa Kataluniako Banyoles herriko gazte batzuen ekimenez hasi ziren kataluniarrak “Osborne zezenari” aurre egin nahian, Kataluniako ibilgailuen bereizgarri izateko asmoz.


Basque Power ekimen pribatuak sortu zuen basurdea, Euskal Herriko ikur nazionala izateko asmoz. Esaten dutenez ez dute ardiaren alternatiba izan nahi. Haien aburuz basurdeak karakterizazio nazional garbia dauka (basatia, basapiztia...), euren helburuekin bat datorrena. Basque Power ekimenaren barru-barruan dagoen «grina independentista» horren jabe dela diote basurdearen bultzatzaileek.


Guztiek ez dute autoa sarri garbitzen

Gaur egun zezena Espainia eta espainiarren ikur bilakatu da. Esan dugun bezala Kataluniako astoa eta Euskal Herriko ardia, zein bere herrian, zezenaren alternatiba gisakoak dira.


Ardi koittadua!

Peugeot markako ikurra da lehoia. Zergatia? Peugeot familiakoen jaioterriaren —Franché-Comté (Frantziako Montebeliard eskualdean)— armarrian agertzen delako lehoia...

Beste hainbat daude... Frantziako (edo Portugalgo) oilarra, Murtziako ahuntza, Madrilgo katua...

Nafarroako automobil barraskiloa jartzen dute. Helburu didaktikoa daukaNavarrico” izeneko barraskiloak, izan ere errepidean lasai ibili behar dela gogorarazteko sortu baitzen eta hori da bere helburu nagusia. Kanpaina zabalago baten barruan dago, ez da nortasun zeinua beraz.

Zergatik jartzen ote dugu pegatina autoan? polita delako edo zerbaiten sinbolo edo ikurra delako?


Hemendik hartutako irudia


Zaldia

Beste zaldi bat

Playboy-eko untxia

Herensugea

Beste ardi bat?

2008/09/03

Iraila, berriro ere

Iraila, ikasturtearen hasiera da hainbatentzat. Asko dira urte hasierari baino aldaketa traza handiagoa hartzen diotenak irailari. Batzuek, oporren osteko sindromea aipatuko digute, beste batzuek oporretan dirua barra-barra xahututa iraileko aldapaz hitz egingo dute, gaztetxoenek berriz, liburu berriekin ikasturte berriari ekingo diote asmorik onenekin.

Euskara batuan iraila esaten diogu hilabete honi... Gehienen iritziz, ira + hila, hots, “iraren (edo garoaren) hilabetea”.

Iratze arruntak (Pteridium aquilinum) maiatzean, atzean Kolitza mendia


Baina hau ez da euskarazko forma bakarra. Hainbat forma daude hilabete hau izendatzeko...

Iraila (B, L): Ira + hila. Iratzearen hila.
Garoila / Garila (G): Garo + hila. Irailaren baliokidea, garoaren hilabetea.
Agorra / Agorrila (Deba ibarra, G): Agian, ‘agorra, sikua.’ [Kontuan izan, beste leku batzuetan agorrila, ‘abuztua’ dela].
Buruila (Iparraldeko zenbait herritan): Buru + hila. Hasierako zein amaierako hilabetea zelako, askoren ustez. Vinson-ek (eta Julio Caro Barojak) urtea irailean (‘buruilean’) hasten zela zioen. Campionek, aldiz, urteko azken hilabetetzat zeukan.
Setemera, setemea (Z): Latinezko september hitzean du jatorria.
Urrile(he)nen / Urrilelango (Arratia, B): Urri + lehen. Arratian, “urri bigarrena” esaten diote urteko 10. hilabeteari, euskara batuko urriari, alegia.
Urria (N): Joaquin Lizarraga idazle nafarrak (Elkano, XVIII-XIX. mendeak) urria zerabilen eta osteko hilabeteari –batuko urriari– lastaila...
Autono (Getxo): Azkuek bere hiztegi ederrean jaso zuenez Getxon irailari autono esaten zitzaion (zaio?). Latinetik dator, "autumnum" hitzetik, gaztelaniara beste zentzu batekin pasatu zen (otoño, 'udazkena').

Oso zaila gertatu bide zen euskaldunon egutegia (aspaldiko ilargi-egutegia) arau eta neurri berrietara (eguzki-egutegia) egokitzea. Hortik dator hainbat hilabeteren izenek adiera bi izatea: garagarrila (ekaina eta uztaila), agorra (abuztua eta iraila), urria (iraila eta urria)...

Getxoko autono berbak –era ilun samarrean bada ere– udazkena bertan daukagula salatzen digu. Izan ere, ‘autonon’ gauden arren oraindik uda da, egutegiaren arabera behinik behin.

Ederra da iraila. Ikasturte berri-berria guztiontzat. Basoak soiltzen hasiko zaizkigu, eta kolore arre-marroiek malenkoniaz jantziko dituzte gure bazterrak....

Garoa, ira, inaztorra edo iratzea. Garo espezie ugari dago. Nik lau aipatuko ditut, euskaraz aparteko izena daukatelako: San Joan iratzea edo trumoi garoa (Osmunda regalis), sorgin-iratzea (Athyrium filis-femina), haritz-iratzea (Polypodium interjectum) eta –gure mendietan ezagunena– iratze arrunta (Pteridium aquilinum).

Sorgin-iratzea (Athyrium filis-femina) erreka-ertzetan eta baso laiotzetan bizi da.

Iratze edo garo arruntak (Pteridium aquilinum) oso erraz daki egokitzen mendialde ezberdinetara. Gure mendiak erretzen direnean sortzen diren lehen landareak garoak izaten dira. “Garo eguzkizalea” ere esaten zaio, izan ere bestelako hainbat garo-espezie baso heze eta ilunetan bizi da.

Izen zientifikoak oso ondo deskribatzen du landare honen morfologia: Pteridium, Pteris izenaren txikigarria da. Pteris izena grekeratik dator, pteron hitzetik eta ‘hegala’ esanahia dauka, bere hostoen itxuragatik.
Aquilinum berriz, latineko aquila (arranoa) hitzetik dator, hostoen itxurari erreferentzia eginez. Arranoen hegalak (zabalik) gogorarazten dizkigulako.

Haritz iratzea (Polypodium interjectum) harrizko hesi eta zuhaitzetan bizi ohi da.

Gaztelaniaz, septiembre nahiz setiembre esaten diogu hilabete honi... Bederatzigarren hilabetea da guretzat, baina ez Erroma zaharrekoentzat; haientzat september zen, hamar hilabeteko egutegiko zazpigarrena. Hauek ziren orduko ilargi-egutegi zaharreko hamar hilabeteak: Martius, Aprilis, Maius, Iunius, Quintilis (bosgarrena), Sextilis, September (zazpigarrena), October (zortzigarrena), November (bederatzigarrena) eta December (hamargarrena). Geroago gehitu zitzaizkion 12 hilabeteko egutegia osatzen duten beste biak: Ianuarius eta Februarius.

2008/08/05

Agapantoak zimeltzen

Uda bete-betean gaude. Urtaro guztietan bezala, honetan ere, naturak bere zikloak ditu. Nola gizakiok hala gainerako izakiek... salbuespenik gabe. Denbora ez da alferrik pasatzen inortxorentzat, ezta gure herri eta hirietako lorategietako landareentzat ere.

Gizarte kontsumista honetan landareak elikagai moduan erabiltzeko ez bada bazterrak apaintzeko erabiltzen ditugu.

Atzo, txikitako eskola-fitxa batzuk topatu nituen, zazpi urte nituenekoak. Animalia eta izenondo batzuk lotzeko ariketa batean horra erantzun “zuzenak”: “El león, dañino; el mosquito, perjudicial; el perro, útil; la vaca, beneficiosa”. Eltxoa kaltegarria? Eltxorik ez balitz txori askok ez lukete izango zer ahoratu... Baina gizakioi sarritan gaixotasunak ekartzen dizkigunez... honi antropozentrismoa esan zioten filosofoek bere garaian.

Inoiz ez naiz lorategietako landare eta zuhaitz exotiko eta arrotzen zalea. Kaioletako txori abeslarien traza hartzen diet lekuz kanpoko landareoi. Egun sargoritsuetan Husky siberiarrei begiratzen diedan bezalatsu begiratzen diet.

Bertoko landaredia ia-ia ez dugu ezagutzen eta lorategietako landare loredun guztien izen-abizenak ezagutzen ditugu. Artearekin, mitologiarekin, kulturarekin oro har, berdin-berdin gertatzen zaigu, kanpokoa, urrutikoa, gertukoa, etxekoa baino hobeto ezagutzen dugula maiz.
Asko dira etxe inguruak apaintzeko erabiltzen ditugunak: nartzisoak/lilipak (Narcissus sp.), gladioloak/ezpata-loreak (Gladiolus sp.), geranioak (Geranium sp.), fuksiak (Fuchsia sp.)...

Bada, orain, gure lorategietan zimeltzen ari zaigun landare bat: AGAPANTOA. Agapanthus africanus da bere zientzia-izena.


“Agapanthus” generoak grezieran du jatorria. “Agape” hitza batetik, ‘maitasuna’ eta “anthos” bestetik, ‘lorea’. Beraz, maitasunaren lorea. Horregatik gaztelaniaz agapanto izen ezagunaz gain “flor del amor” izena ere badu. Liliaceae familiakoa da.

Aipagai dugun landarea africanus espeziekoa da; izendapen honek bere jatorria salatzen du, izan ere landare hau Hegoafrikakoa da. Aurrekoez gain gaztelaniaz “lirio africano” izena ere badu. Ingelesez "African Lily" da izendapenik ezagunena.

Udaberri amaieran edo udan loratzen dira agapantoak... Lore urdin edo zuriak izan ditzakete.

Esan dugun bezala, landare hosto-iraunkor honen lore ederrak orain ari zaizkigu zimeltzen, goza dezagun bada, lore eder hauetaz datorren urtera arte agur esan aurretik.


Hegoafrikan, Xhosa etniako biztanleen artean landare hau etxe-apaingarria ez ezik beste zerbait ere bazen... euren ohiturari jarraituz Xhosa emaztegaiak agapanto landarearen sustrai lehor eta loreez egindako lepokoa janzten zuen, emankorra izan zedin eta arazorik gabeko erditzea izan zezan.

Lehen umea izandako emakumeak beti eraman behar izaten zuen lepoko hori, bera eta bere semea edo alaba osasuntsu eta zoriontsu bizi zitezen.
Agapanto-sustraiak ematen zitzaizkion amari ondo-ondo txikituta, erditu aurretik eta ondoren. Jaioberria lore-estraktuekin bainatzen zuten.


Azoketan landare honen sustraiak saltzen zituzten azaleko gaitzak sendatu eta hilekoaren mina arintzeko.

Azken batean, hemengo apaingarria Hegoafrikan sendabelarra da.