2009/04/02

Berdela eta erramua

Bi egun berezi datoz: Berdel Eguna eta Erramu-eguna. Gastronomia eta erlijioa. Zaila da gure herrian bata eta bestea bereiztea. Kristauek sarritan mahaiaren bueltan ospatzen dituzte euren jai seinalatuak; bestalde, hainbatek erlijio bihurtu dute gastronomia: hor dago sagardotegirako erromesaldia…

Berdel Eguna Mutrikun
Mutrikuk Berdel Jaiaren XIV. edizioa ospatuko du zapatu honetan. Ospe txarra zuen arrainari izen ona emateko eta berezko ezaugarri onuratsuak ezagutarazteko sortu zuen jai hau orain dela urte batzuk San Pedro Kofradiak, Udalarekin batera. Gipuzkoako kostaldeko herri hau bisitatzeko aitzakia aproposa izan daiteke tripa-festa hau. Gainera aurten 800 urte betetzen dira herria sortu zenetik…

Berdelak (Scomber scombrus)
Hemendik hartutako irudia

Milaka lagun batuko gara arratsaldeko dastaketa erraldoian; 4.000 kilo berdel prestatuko dituzte dozena bat errezeta desberdinetan: marmitakoa, txatka, kroketak, berdel-errea, pudina, olio-ozpinetan...
XI. edizioko (2006) pintxo batzuk

Arrainzaleok, arrainaren zaporea gustuko dugunok, ikaragarri maite dugu arrain urdin osasuntsu hau. Txikitatik izan dut gustuko berdela.

Garai batean arrain zuria kontsumitzera bultzatzen gintuzten mediku eta adituek. Gaur egun ordea (70eko hamarkadatik aurrera) arrain urdinen ezaugarri osasuntsuak azpimarratzen dizkigute adituek: omega-3 gantz-azidoak proportzio altuetan eta bitamina ugari, besteak beste. Ezin hobea da gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko, kolesterola eta triglizeridoen hazkundea apaltzeko…

Hona hemen zapatu honetarako egitaraua:
• Goizean: BERDEL PINTXOAK doan herriko tabernetan.
• 10:00-14:00: Bertan dendarien elkarteak antolatuta MERKATU TXIKIA izango da Txurruka Plazan.
• 10:00etan: Mutrikuko Kalatxori bela elkarteak antolatuta, MUTRIKUKO V. BELAUNTZIEN ARTEKO TXAPELKETAREN HASIERA.
• 12:00etan: TRIKITILARIAK herriko kaleetan.
• 13:00etan: HERRIKO ABESBATZEN KONTZERTUA, Zabiel Plazan.
• 17:00etan: MUTRIKUKO V. BELAUNTZIEN TXAPELKETAREN BUKAERA.
• 18:00etan: BERDEL PINTXO DASTAKETA, Mutrikuko Portuan.
• 22:00etan: Miruaitz pilotalekuan, URREZKO BERDELA ZESTA PUNTA TXAPELKETA (Sarrera: Doan).

Berdel-piperrada (Algorta, 2006)

Eskonbridoen familiako arrain honen zientzia izena: Scomber scombrus. Familia horretan daude hegaluzea, hegalaburra, atun moja…

Gaztelaniaz: caballa, sarda, verdel (Kantabrian eta Euskal Herrian).

Euskal Herrian, gaztelaniaz:
Verdel (Santurtzi, Algorta… -Hego Euskal Herri osoan, oro har-)
Biruelo (Santurtzi, Algorta): ‘berdel-kumea’
Pelicato (Santurtzi): ‘berdel-kumea’

Euskal Herrian, euskaraz:
Berdela (Armintza, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku,…)
Berdel gaztea (Elantxobe): 'tartekoa'.
Pelikato (Armintza, Bermeo, Mundaka): ‘berdel-kumea’

Beste hizkuntza batzuetako izendapenak ezagutzeko, egin klik hemen.

Bi espezieen antzekotasunagatik eta frantsesez (maquereau), ingelesez (mackerel) eta beste hizkuntza batzuetan daukan izenagatik sarritan beste honekin nahasten da: Scomber japonicus.

Makarela (Scomber japonicus)
Hemendik hartutako irudia.
Euskaraz:
Makarel (Armintza), makael (Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Mutriku...).
Betandi (Lekeitio), betaundi (Elantxobe, Ondarroa), berdel begihandia (Lekeitio).
Gaztelaniaz:
Cuerva (Santurtzi, Algorta), macarel (Zierbena, Algorta), estornino

Frantsesez: Maquereau espagnol eta ingelesez: Spanish mackerel

Garai batean, berdelaren arrantzan arrain honen buztanaren ondoko zatitxo bat jartzen zen amuan. Horregatik gogoratzen dute Algortako arrantzale zaharrek: “Al verdel con carnada de él”. Gaur egungo beita, kolore gorriko soka zatia da.

Gogoratu kanta kresaltsu hura: “Txitxarrua ta berdela, Joxemielen batela…”

Mutrikura bazoazte, on egin!

Erramu eguna gurean
Garizuma amaituta, kristauentzat Aste Santuko lehen eguna da Erramu-eguna edo Erramu-igandea. Egun horretako elizkizunean Jesus Jerusalemen sartu zela gogoratzen dugu. Tradizioaren arabera palma-orriak, olibondo-adarrak eta erramu-adarrak eskuetan hartuta egin zioten harrera Jesusi. Domeka honetan ereinotz adarrok bedeinkatuko ditugu Jerusalemgo gertakari haren oroigarri.

Hemendik hartutako irudia

Euskal Herrian ereinotz edo erramu adarrak (Laurus nobilis) bedeinkatzen dira “Erramu-egunean”. Adar horiek -gurutze forma emanda- etxe atarian josten ziren etxaldea babesteko.
Gure baserri zaharren inguruan erraza da erramu arbola lerdenen bat aurkitzea.

No hay comentarios: