2009/03/23

Udaberriaren harmonia

Heldu da udaberria, eguraldi goxoaz lagunduta gainera. Eguzki-orduek eguna egunago egiten duten garai hau jendearen umorean islatzen da. Eguraldi eta urtaroek eragin zuzena daukate gure aldartean, negu luze honen ostean mendirako gogoz harrapatu gaitu udaberri argitsu honek...

Izadia apur bat aztertuz gero erraz konturatu gara, auzolana edo talde-lana ez genuela gizakiok asmatu. Gure zelai eta basoetako bikoteak aztertzea baino ez dago...

Mamorroak lorerik lore, lore-hautsa zabaltzen lore ederron mesedetan:

Izar-belarra (Stellaria holostea)
Nava de Ordunte, Valle de Mena (2009-03-22)

Txikoria-belarra (Taraxacum officinale)
Nava de Ordunte, Valle de Mena (2009-03-22)

Likenak ere hor dauzkagu: onddo eta algak.

Likena bizi-borborka dagoen zuhaixka baten adar puntan
Menamayor, Valle de Mena (2009-03-22)

Sarritan, gure gizartean nork bereari baino ez dio erreparatzen, asko dugu ikasteko naturarengandik.

Basoa lore deigarriz jantzi zaigu. Asteburu honetan pertsona-izeneko hainbat landare ikusi ditut gure inguruko basoetan...
Zerbait (edo norbait) ganoraz maitatzeko ondo ezagutu beharra dago. Ezin da estimuan izan bertatik bertara ezagutzen ez dena. Horretarako, mendialdera goazenean naturari hitz egiten utzi behar diogu, mendi tontorrak baino xarma handiagoa baitu bide-bazterreko detaile horrek...

San Jose loreak edo udaberri-loreak (Primula vulgaris)
Nava de Ordunte, Valle de Mena (2009-03-22)

Bioletak (Viola riviniana)
Legutio, Araba (2009-03-21)

Lilipak edo Nartzisoak (Narcissus sp.)
Legutio, Araba (2009-03-21)

Beronikak (Veronica sp.)
Legutio, Araba (2009-03-21)

Bidea eta bidezaina

Zuhaitz ondoko bidea... edo bide ondoko zuhaitza. Geure buruari galdetu beharko genioke bideak nora garamatzan, baina bidea nolakoa den ere garrantzitsua da, ezta?

Bóveda, Gaubea, Araba (2009-03-19)

Ederretsiko duen gozatzaile gabeko artelanik ez dagoen bezala, leku lasaigarririk ez dago, guztiok presaka bagoaz biderik laburrena hartu nahirik.