2008/06/06

Trikuarenak egin du


Lehengo egunean, trikua ikusi nuen, kirikinoa. Barrua poztu, oroimena piztu eta hausnarketa puztu zizkidan. Politagoa zatekeen mendian, ezkutaketan, topatu izan banu. Baina geldi ikusi nuen. Sentitu nuen. Nire autoaren gurpilek azpian hartu zuten. Ordurako betiko loan bazegoen ere, amona xahar maitagarri bati oin herrena zapaltzea bezain mingarria gertatu zitzaidan. Esan bezala, triku zapalak oroimena lanean jarri eta Bernardo Atxagaren olerki ezaguna ekarri zidan gogora. Horrek poztu ninduen. Hain da maitagarria kirikinoa!


Erinaceus europaeus

Argazkiaren jatorria ikusteko egin klik hemen.


TRIKUARENA (Bernardo Atxaga, 1990)


Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,

eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;

gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.


Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,

Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan;

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago.


Eta berriro dio: Hau da nire erresuma, Goseak nago,

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?


Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz,

artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek

galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta sapelaitzak.


Baina gaua dator, joan dira sapelaitzak, eta trikuak,

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,

bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen

Gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;

Eta bapatean, zeharkatu egiten du

belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,

Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;

Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den

azkeneko zazpi mila urteotan berritu,

ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,

ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere.


Zenbat aldiz ikusi dugu trikuren bat? Zenbatetan bizirik? Gehienetan bide-bazterrean ibilgailuren batek zapalduta... Zapaldu ez ditugunak garai batekoak baino uzkurrago eta izutiago bilakatu zaizkigu gure bizimodu azkar hau ezin ulertuta.

Mutrikuar baserritar batek goxotasun kutsakorrez azaldu zidan: “leno makiña bat aldiz ikusten genduzen kirikixuak sagarrak eruaten bizkar-gaiñian”, euren arantzetan josita. Batzuek sagarzaletasun horretan oinarritzen dute ekialdeko hizkeretako SAGARROI hitzaren jatorria (‘sagar+(k)oi’ = sagartzalea). Beste batzuek aldiz, “sagu”arekin lotzen dute.

Trikuari KIRIKINOA esaten diogu Bizkaian. Gehienok “Kirikiño” entzun eta ikastola batekin lotzen dugu edota Mañariko idazle sonatuarekin (Ebaristo Bustintza). Nork lotzen du ugaztun txikitxoarekin?. “Trikua” zein “kirikinoa” hitzak latinetik omen datoz, ‘ericius’ (*trikinu/*krikinu) formatik.

Bizkaiko mendebaldean KIRIKOLATZA esaten zaio, bere arantzen latzagatik. Aurrerantzean ere latzak pasatu beharko ditu gure artean bizirauteko.

3 comentarios:

Anónimo dijo...

Aupa Josu, meila irakurri eta pentsatu dut: Atxagarena bidaliko diot! baina zu beti azkarragoa... :) animalia bitxia benetan trikua. Koadrilako lagun bat Las Carrerasen bizi da, etxe batean eta lorategian askotan triku bat agertzen zaie, janari bila. Bataiatu ere egin dute: KIRI.
Sagarroi musika taldea ere badago, badakizu, Muguruza gazteenarena.

Anónimo dijo...

Las Carrerasen bizi den zure laguna naiz eta Intxaurdin bizi naiz, ez Las Carrerasen gainera Josuren ezaguna ere banaiz, beste garai baten zure enpresako frikietariko bat, biltegikoa, hain zuzen ere.
Hona hemen, Kiriren argazkia:
http://fotosupload.com/mostrar.php?imagen=FuD31804_Kiri.jpg

Besarkada bat.

Josu Larrañaga dijo...

Ene, ene!! Intxaurdiko basajauna... bai gogoratzen diat, ondo gogotau ere, biltegian asto-lanean ibili hintzanekoa. Zelan habil? Ikusten dudanez, basapiztiak hezten eta -akaso- hezten. Baina gauzatxo bat... KIRIri ematen dioan janaria ez al duk txakur eta katuei ematen zaiena...? Laster zaunka edo miauka hasiko zaizue!!