2008/06/02

Naturak agintzen duenean...

Batzuek, gaur lanera garraio-publikoan joan behar izan dute...

Atzo uriolak edo uholdeak izan genituen herrian. Bezperatik uholde arriskua zegoen iragarrita Nafarroan, baina ez gure inguruan. Bizkaiko beste leku batzuetan baino nabariagoa zen atzo goizean, larunbatetik iganderako gauean botatako euri-zaparrada etengabeen ajea.

Gobela ibaiak gainezka egin zuen aldameneko errepidea ere hartuz. Atzo Gobela “ibai-zabal” bilakatu zitzaigun. Irratian entzun orduko asko izan ginen argazki-makina hartuta Fadura aldera joan ginenak Bilboko 83ko uholdeen irudiak gogoan.

Makalen etorbidea ala Gobela-berri?

Zerbaitengatik dauka inguru honek FADURA izena. Fadura, Kiroldegiari ez ezik inguru osoari ere esaten diogu. Toponimo zaharra dugu Getxon. Euskara estandarrean padura, ‘zingira, istinga, urgeldia’ esanahia dauka.

Latinetik datorren hitza dugu PADURA, palus,-udis ‘aintzira, zingira’. Paludam-etik padulam-era pasatu zena (metatesi bidez) eta azkenik, padura/fadura hitzera.

Padura ala ibaia?

Natura gure nahierara antolatu nahi dugun honetan, sarritan, horrelako harroaldiak erakusten dizkigu. Izan ere, ehunka urteetan zingira zena porlan eta asfaltoz hiritartu dugu. Naturak ez du gure logika berbera. Zergatik ote? Gehienek dioten legez, natura zoratu zaigulako ala naturaren hizkuntza ahaztu zaigulako?

Hezetasunaren auzoa ere esaten diote askok, Fadura inguruari. Horrela daude gaur alde horretako atari, garaje eta beheko etxebizitza ugari. To be continued? Prefosta.

Ahateak, pozik, baratzeen gainetik igerian

Argazki gehiago ikusteko egin klik HEMEN

No hay comentarios: