2008/06/12

Atzamar jainkotiarrak


Ez naiz batere kolonia zalea. Etxeetako txori-kaiolen parekoak dira lurrin-ontziak, natura gurera ekarri nahi dugu, dosi txikietan bahitu nahi dugu. Sarritan konturatu ere ez gara egiten benetako usainak kanpoan daudela, gure zain. Udaberritik negurakoan aukera zabala daukagu usainoz bertatik bertara gozatzeko.

Udaberriaren amaiera honetan, asko dira naturak gugandik gertu jarri dizkigun usain gozoak: ukitze hutsarekin eskuetatik sudurreraino eraman dezakegun izpilikua (‘lavanda’), mendiko basa-marrubien usain betea, gure herri eta hirietako ezki-loreak, pagadi hezeetako orbelaren eta goroldioaren usaina... eta, nola ez aipatu, basoko atzamarren usain fina, sarkorra, eldarniozkoa.

Ikaragarria da landare honen loreek oparitzen diguten usaina. Ama-naturaren oparia.

Basoetako atzamarrak (Lonicera sp.)

Gaztelaniaz landare igokari hau izendatzeko gehien darabilgun izena madreselva da. Genero honen zientzia izena Lonicera da. Euskal Herrian espezierik ohikoena Lonicera periclymenum dugu.

Generoaren zientzia-izena (Lonicera sp.) Adam Lonitzer (1528-1586) botanikoaren omenez jarri zion Linneok 1753an.

Latinez, periclymenus esaten zioten eta grezieraz Periklýmenos. Argonautetako baten izena zen, edozein itxura har zezakeena, aipagai daukagun landarearen antzean.

Nola euskaraz? Hiztegietara joz gero (Euskaltzaindia, Elhuyar, 3000, Euskalterm...) “atxapar” izendapena jasotzen da genero horretako espezieetarako; basoetako atxaparra aztergai dugun espeziearen kasuan. Desegokia da neure ustez gaur egun hizkera estandarrean nagusi den forma, Euskal Herri luze-zabalean erabiltzen diren izenak ikusi besterik ez dago honetaz jabetzeko:

Jangoikuan atzamarrak (Abadiño, B // Eibar, G // Bergara, G).

Jesukriston atzaparrak (Osintxu, Bergara, G).

Kriston atzaparrak (Eibar, G).

Amabirjiñan atzaparrak (Mutriku, G).

Amaberjiñ-atzaparrak (Eibar, G).

Ama Birjiñaren beatzak (Oikina, Zumaia, G).

Apustuluen atzamarrak (Nabarniz, B).

Bistan dago atzamar, atzapar zein be(h)atz formek, herri bakoitzeko hizkeran, eskuetako atzamarrei egiten dietela erreferentzia. Erreferentzia jainkotiarra inondik inora: Jaungoikoari, Ama Birjinari edo apostoluei...

Orduan zer dela eta atxapar forma hori? Nondik jaso dute hiztegigileek? Batek jakin... herriren batean atxapar forma jasoko zuten eskuetako hatzak izendatzeko eta horra!

Beste forma batzuk: ahuntz-hostoa (Euskaltzaindia), sasiama (Azkue, Londresko eskuizkribuak).

Maiz errepikatzen den beste forma bat ere badago: aihen-ezkerra edo ezker-aihena. Euskaltzaindiak beste espezie batzuk (Calystegia sepium eta Convolvulus arvensis) izendatzeko darabilen arren hainbat herritan ‘basoetako atzamarrari’ esaten diote horrela:

Esker aihena (Ziberuko botanika edo lantharen jakitatia, Jean Baptiste Althabe, 1900).

Ezkerra-ayena (Lacoizquetak, Nafarroa).

J. M. Lacoizquetak bere obra ezagunean (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas; 1888) azalpen hau dakar:

“En esta comarca es conocida con la denominación de EZKERRA-AYENA, que viene de AYENA sarmiento y EZKERRA izquierdo o mano izquierda, significando sarmiento que trepa en hélice de derecha a izquierda, como es el caso de este arbusto”.

Goza dezagun, orain, Agustín Etxeberri idazleak 1887an EUSKAL ERRIA aldizkarian argitara emandako olerki eder honetaz:

MARIA ALEGIAZKOA

O! Maria, arbolaren itchuran

Iar bazinte, nonbeit mortuetan,

Ni nindake ezker-ayen billaka;

Bozik zuri lotuko besarka.

Amaitzeko, azken kontutxo bat, Dioscoridesek gizonezkoen kontrazenpzioari buruzko kapitulu batean landare hau aipatzen du. “Periklymenon” delako landareaz eginiko edabea 37 egunez hartuz gero gizonezkoak antzu geratzen omen dira.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Josu, beti bezala, oso artikulu eta argazki zainduak, lotutako bideoak ere oso politak, benetan disfrutatzeko. Jarraitu bizitzako gauza txikiengan estimua eta zure "jakinduria" zabaltzen gu, profanoen artean.