Herenegun Baztango Gorostapalo auzotik Xorroxineko ur-jauzi ikusgarrirako bidean zuhaitz, zuhaixka eta landare eder asko ikusi genituen Algorta aldeko berbalagunok. Landare bi nabarmendu nahiko nituzke: kuku-belarra eta kuku-praka.
Gauza jakina da gure artean, udaberrian, kukua lehendabizikoz aditzean aldean dirua izanez gero urte osoan izango dugula... Zorte txarra daukanari kukuak oker jo diola esaten diogu; gaixorik eta hilko denagatik kukurik ez duela berriro entzungo esan ohi dugu. Utz ditzagun hurrengo baterako kukuaren gorabeherak eta gatozen loredun landareotara. Herriko hizkeran espezie batek hartzen duen izena beste espezie baterako erabiltzen dute ondoko herrietakoek, hori dela-eta batuaz dihardugunean, sarritan izen biak nahasten ditugu, baina landareak eurak ezberdinak dira oso.
Kuku-belarra edo kuku-lorea (Ordunteko urtegian)
Kuku-belarra (Aquilegia vulgaris). Lore morea dauka, fina, ederra. Gaztelaniaz, aguileña, clerigos esaten zaio. Latinezko izenak (aquilegĭum) ‘urmaela, uharka’ esanahia omen dauka. Bada petaloen itxurak arranoen atzaparren antza dutela-eta ‘aquileia’ hitzetik eratortzen duenik. Corominasek bere hiztegi etimologikoan horrela azaltzen du gaztelaniazko forma, "Del bajo latín aquilegia (alterado por influjo de 'aguileño') compuesto de aqua 'agua' y leguere 'recoger', así llamada porque sus pétalos recogen el agua de la lluvia". Aspalditik medikuntzan erabili izan da, ezaugarri diuretikoengatik eta izerdia botatzeko besteak beste. Erditzeak errazteko ere erabiltzen zen. Elgorriak edo nafarreriak jotako umeei ere ematen zitzaien. Gaur egun apaingarri moduan erabili ohi da. Zenbaitek toxikotzat jo izan du espezie hau, hori dela eta, ez da komeni nor bere kasa erabiltzea erremedio moduan. Asteburu honetan jakin ahal izan dudanez (Marga berbalagunari esker) landare honen hostoak hortzak zuritzeko erabili izan dira.
Kuku-praka, Hiru Erregeen Mahaitik gertu (Pirinioak)
Kuku-praka (Digitalis purpurea). Beste izen asko ere badauzka euskaraz: titara-lorea, asto-lorea, txilintxa, kuku-porrua... Bortzirietan (Goi Nafarroa) eta Lapurdin kuku-belarra esaten diote. Gaztelaniaz, digital, dedalera, calzones de zorra, guante de Nuestra Señora. Gaztelaniazko izendapen gehienek korolaren titare-itxura ekartzen dute gogora (digitalis, 'atzamarretakoa'). Euskarazko izen berdina ere badauka gaztelaniaz ‘calzones de cuclillo’. Zein izango ote da izendapen horren arrazoia?
Ingelesez, herriko jendeak ‘maitagarrien [hadas] txanoak’ deitura darabil. Hango sineskera baten arabera kuku-prakak maitagarriak bizi diren mendixketan hazten dira. Basoan, kuku-prakak dauden soilguneetan maitagarriek ilargi-beteko gauetan dantza egiten dute.
Kuku-belarra
Kuku-praka, prakak ala titareak?
Zenbait herrialdetan, etxeetako atariak apaintzeko erabiltzen dira eta bertan sorginak sartzea galarazteko.
Landare honek digitalina izeneko substantzia dauka, pozoitsua, janez gero kalte handiak eragin ditzakeena. Paradoxa dirudien arren, digitalina izeneko substantzia horrekin bihotzeko hainbat gaixotasun senda daitezke.
Telesforo Aranzadik 1929an argitara eman zuen artikulu batean kuku belarra forma jaso zuen, 'mitxoleta' edo 'amapola' (Papaver rhoeas) izendatzeko. Eta kukupraka, 'kuku-belarra' (Lekeition) eta 'dragoi-muturra' (Antirrhinum majus) (Bergaran) izendatzeko.
4 comentarios:
zorionak, josu, blogagatik!
segi idazten, gu harpidetu gara dagoeneko. gero arte, rozio
Hitz ederrak... Sentimendua ta jakituria nahas - mahas... Ta gutxi balitz, pazientziaz "harrapatutako" natura "zatitxoak"...
Ez nuen gutxiago espero...
Gustora irakurriko det zure hitzak. Segi idazten, konpartitzeko asko dakazu...
Kipula
Ezkerrik asko linkagatik.
Politak argazkiak. Lastima ez naizela lorezalea.
Segi horrela.
Haltz
Iepa Mikel!
Loreekin hasi naiz baina ez naiz horretara mugatuko. Etorriko dira natura osatzen duten hegaztiak, ugaztunak, intsektuak, gizakiak...
josu
Publicar un comentario