Denetik dakigun honetan, inoiz baino informazio gehiago esku-eskura daukagun honetan, natura arrotza zaigu eta arrotzak gara naturan; ez dugu geure burua inguru naturalean seguru igartzen. Errealitatea eskema hertsietara ekartzen dugu... animaliak ikustera zoologikoetara goaz eta landareak ikustera lorategi botanikoetara (edo amaren etxeko terrazara!); mendira, sarritan, kirola egitera eta bizitza sedentarioan eten bat egitera baino ez gara joaten.
Nire azalpenak ez dira objektiboak izango, hori da nire asmoa. Askori errealitatea sailkatzeko modu hau edo bestea zientziatik aldendu samarra begitanduko zaio. Ahaleginduko naiz nire inguruko detaile zoragarriei erreparatu eta hona ekartzen ni liluratutakoek beste inor ere lilura dezaten. Helmuga baino ederragoa iruditu zait beti bidea, asteburua (oporrak...) noiz helduko bizi gara sarri, bidean galtzen ditugun gauza txundigarriez konturatu gabe... Bizi gaitezen begi-belarriok apur bat erneago eta... On egin daigula!
No hay comentarios:
Publicar un comentario