2008/07/21

Marmokak gurean

Azken egunotan marmokak albiste bihurtu zaizkigu Gipuzkoa aldean. Gehienak Donostiako hondartzetan agertu dira baina izan dira Zumaia eta Zarautzera hurreratu direnak...

Batzuen iritziz aldaketa klimatikoaren eragin zuzena izan daiteke knidarioen filumeko animalia hauek gerturatzearen arrazoia.

Nik ere txikitan izan nuen ezustekoren bat edo beste... umeen jakin-mina...

Oso pozoitsuak omen dira inguratu zaizkigun marmoka hauek, dagoeneko bi lagun erietxera eraman behar izan dituzte. Izena ere ez daukate nolanahikoa, gaztelaniaz “carabela portuguesa”, itsaslapurren ontziaren izena dirudi. Euskara –eta gaztelania- zientifikoan latinetiko izena erabili ohi da, fisalia. Izen zientifikoa: Physalia physalis.

Physalia physalis

Hemendik hartutako irudia

Gure artean, herriko euskaran, espezie honi beleroa, bela edo belako barkua esan izan zaio:

Beleru (Armintza, Mundaka).
Belako barko (Mundaka).
Bela (Mutriku).

Euskaraz gehien erabiltzen den izen generikoa marmoka da. Hona hemen Eneko Barrutiak jasotako lekukotasunak:

Marmoka (Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa).
Marmok (Bermeo, Mundaka).
Marmok arrain (Bermeo, Mundaka).
Marmok-bola (Mundaka).

Ondarroan ur-azalean dabilenari marmoka esaten diote eta behean egoten denari merusa.

Badira beste espezie batzuk: pantalla (Bermeo, Mundaka), marmok-lanpara (Mundaka)...

Gure artean, gaztelaniaz, nagusiki medusa eta aguamala (Santurtzi) erabiltzen badira ere, bada marmoca esaten duenik, izan ere marmoka ez da euskarazko termino esklusiboa, Asturias aldean ere erabiltzen dute. Katalunia aldean moka esaten diote.

Aguamala (Santurtzi...).
Medusa versus Aguamala (Algorta).

Algortako gaztelaniaz, medusa animalia osoari esaten diote eta itsasoan agertzen diren zatiei aguamala esaten diete. Urtarril-otsailean hiltzen dira marmokak eta itsas hondora doazela arrantzaleen sare artean harrapatuta gelditzen dira marmoka-zatiok.

Medusa hitza greziar mitologiako Medusa izenetik dator. Emakume ederra zen Medusa, bere begiradaz gizonak harri bihurtzen zekiena. Horregatik Ateneak zigortu zuen. Irudi literarioa ere bada Medusa, gizonak galbidera daramatzan emakumea edota bere barnean munstroa daramana. Adats luzez irudikatu izan delako lotzen dugu animaliarekin.

Erraztasunez moldatzen ez den pertsonari marmoka baino moldabakoagoa dela esan izan zaio.

Azken bitxikeria batzuk: Ondarroa aldean marmokarekin egotea esaten diote emakumeen hilekoari.
Mozkorra harrapatzeari marmoki atrapa esaten diote ondarrutarrek. Bestetik marmoki batu dot esaten dute lantzoiek zikindu direla adierazteko.

R.M. Azkuek eguraldi-marmoka jaso zuen Ispasterren 'ezohiko eguraldia' izendatzeko.

Albistegietan etengabe aritu dira kazetariak errepikatzen ziztatuz gero arriskutsuak izan daitezkeela marmokak...
Zizt egitea zerbait zulatzea da, elementu zorrotz batez. Azala erreminduta uzten diguten marmokok azkura eragiten digute, ez digute eztenik sartzen liztorrek, erleek, moskitxuek egiten duten legez... Zalantzatan geratu naiz, ordea, nik pikau esan izan dut orain artean marmokei zegokienez, baina nola esan behar ote da, erre, azkura eragin, ziztatu?

No hay comentarios: