2008/06/23

San Joan bezpera

Gaur San Joan bezpera dugu. Eta bihar... Donibane, Doniene, Doniñe, San Juan, San Juen... Ederra da jai hau. Askotan ederragoa izan ohi da jai-bezpera jai-eguna bera baino. Etorriko denaren aurrekaria, balizkoaren altxagarria.

Ekaina

Herri batzuetan, ekainaren 21ean, udaren hasierarekin bat egiten duen udako solstizioa ospatu dute gure Euskal Herri luze-zabalean.

Seigarren hilabete honek baditu beste hainbat izen: bagila, garagarrila, garagarzaroa, arramaiatza, errearoa... Euskara batuan darabilgun “Ekaina” izen dotorea da oso; euskaldunok, garai batean –gaur egun baino sarriago- zerura begira bizi ginela gogorarazten diguna. Eki ‘eguzkia’ + gain(a) ‘gainean’. Eguzkia gain-gainean daukagu hilabete honetan; udako solstizioa, alegia. Urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena... Hemendik aurrera egunak laburtzen joango dira eta gauak luzatzen; horri aurre egin eta eguzkiari berotzen jarraitzeko gogorarazteko sua pizten zen eta pizten da. Geroago kristautasunak San Joan Bataiatzailearekin lotu zuen EKAINeko su-festa hau.

Suaren inguruan ekainaren 23ko iluntzean suaren inguruan horrelakoak abestuko ditugu:

San Juan bagille bagillekoa

sapok eta subek erre

artok eta garik gorde.

(Jatabe, B)

San Joan eguneko sorta eta lizar-adarra Dimako baserri batean (2007)

Suak, urak eta landarediak indar berezia daukate San Joan bezpera eta San Joan goizean. Sua eta uraren zentzu berritzaile eta garbitzailea alde batera utzita landarediaz zenbait ohar egingo ditut labur-labur:

Euskaldunon artean badira bedeinkazio beharrik ez daukaten bi zuhaitz, berez bedeinkatuak direnak: elorria eta lizarra. Bi zuhaitzok egundoko garrantzia daukate ekainaren 23tik 24rako gau magiko honetan.

Elorri zuria

Elorri edo Arantza zuriaren zientzia izena “Crataegus monogyna” da. Gaztelaniaz, espino blanco edo espino albar esaten diote.

San Joan egunean, elorri adarrak edo koroak (arrosaz apainduta) etxeko ate eta leihoetan jartzen dira etxea tximistetatik babesteko.

Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) elorri-arantza bat eramaten dute tximistetatik babesteko. Tximistorratz lanetarako ere erabili izan da elorria gure artean.

Urbasako artzainek ardi-txabolaren ateburuan elorri adarra jarrita hiru aldiz pasarazten zituzten euren ardiak berauek babesteko. Elorriarekin batera arrosa ere jartzen dituzte ardiak zora ez daitezen.

Elorri zuria (Crataegus monogyna)

Lizarra

Lexarra, leizarra edo lizarra, euskaraz. Zientzia-izena: Fraxinus excelsior.

Hainbat herritan elorriarekin batera lizarra ere jartzen da etxeko sarreran. Larrabetzun, Sondikan eta Zornotzan esaterako, gurutze bat egiten dute lizar adarrekin.

Lizarra (Fraxinus excelsior)

San Joan belarrak

San Joan goizean (eguzkia irten aurretik!) batutako hainbat lorek gaixotasun ugari sendatzen dituzte... Tartean senda-belarrak (mendafina, erromeroa...), lore apaingarriak (arrosa, lirioa...), baratzekoak (intxaurrondoa, porruak, kipulak, berakatzak, artoa...), eta bestelakoak (mihilua, San Joan loreak) egon daitezke. Goizen goiz, elizara eraman eta bedeinkatu eta gero batzuk etxe sarreran jartzen dira lore-sorta osatuta eta beste batzuk etxean gordetzen dira...

Bestelakoak

Intsusa-lorea (Sambucus nigra) San Joan eguneko goizean errekan sartuta hagineko minari aurre egiteko erabil daiteke.

Leku batzuetan ekaitz eta tximisten aurka sua egin eta ereinotz-adarrak (Larus nobilis) erretzen dira...

Hazparnen kardulatza (Cirsium sp.) landatzen dute gari-soroan eguzkia irten aurretik, horrela gari arteko kardulatz guztiak desagertzen omen direlako...

San Joan lorea (Leucanthemum vulgare), lore-sortako bat

Ekainaren 23ko gau honetan, ehunka -agian milaka- urteetako ohiturari eutsiz baserritarrek euren soro bazterrak zeharkatuko dituzte, lasto-sortak sutan daramatzatela, uztak etsaietatik babesteko asmoz... Gauaren etsaia eguzkia dugu, eta sua haren aitzindari eta ikurra. San Joan sua.

2008/06/19

Txakur txikirik gabe

Kontsumismoaren kulturan bizi gara. Dena da erostea, edukitzea, gordetzea... Kontsumismoak inguratzen gaitu edo bete betean harrapaturik gauzka. Hainbatek dirutan neurtzen dute daukatena eta direna.

Apalenek eta zoriontsuenek, bazterretik, gogorarazten digute ez dela zoriontsuago gehien daukana ezpada ze gutxien behar duena!

Azkenik, esango digute, diruak ez duela zoriontasuna ekartzen baina bide horretan lagundu ahal duela.

Orain eurotan pentsatzen dugun arren badira pezeta ahaztu ezinik bizi denik. Dagoeneko gutxi dira ogerlekotan zenbatzen dutenak daukatentxoa eta are gutxiago errealetan egiten dituztenak kontuak.

Guk nahi barik ere, beste garai bateko kultur(ar)en oinordekoak gara... eta darabilgun hizkuntza horren erakusgarri da. Hona adibide bat:

Txikitatik entzun izan diot amari, gaizki jokatuz gero txotxikirik ez nuela ikusiko, eta, 25 pezetako paga buruan, txintxo ibiltzen ahalegintzen nintzen.

Geroago jakin nuen, ni jaio aurretik bazela txori-aundixa izeneko txanpon bat, txotxikixaren balio bikoitza zeukana. Hala esaten zitzaion Mutrikun behinik behin.

Gutxi balio duen ezertaz aritzean, neure inguruko askok lasai-lasai esan ohi du bi txakur txiki balio duela. Erdaldunek diru faltari estar sin perras esaten diote.

Bitxia da hizkuntza, diruari animalien izena? Tira ba.

5 zentimoko txanponari txakur txikia edo txori txikia esaten zitzaion. 10 zentimokoari berriz, txakur handia edo txori handia. Erdaldunek perra chica eta perra gorda erabiltzen zuten hurrenez hurren.


Txakur-diruaren aurkia. Ezkerretara txakur handia eta eskumatara txakur txikia.

Txakur-diruaren atzealdea edo ifrentzua.

Gogora dezagun TXANTXIBIRI kantaren pasarte hura:


Saltzen, saltzen,

txakur txiki baten karameluak,

está muy bien!

Esaten du konfiteroak (bis)


Esapide batzuk bizi-bizirik segitzen dute gaur egun:

Batere dirurik gabe gaudela esateko:

Txakur txikirik gabe nago.

Txori txikirik gabe nago.

Estoy sin una perra.

Zerbaitek diru gutxi (edo... ez hainbeste) balio duela esateko:

Eso cuesta cuatro perras.

Horrek bi txori/txakur handi balio du.

Gaztelaniazko “calderilla” esateko Kirikiño idazleak txakur-dirua erabiltzen zuen:

Ordura-arte eleiz atan, alako eske-aldietan, ez ei-zan txakur-dirua baño ikusten (Bigarren abarrak, 1930).

Zergatik txakurra?

1870etik gerra ostera arte kobrezko bost eta hamar zentimoko txanponak erabili ziren. Txanpon horietan, orduan Espainiaren ikurra edo sinboloa zen lehoia azaltzen zen. Herritarrek txantxetan lehoia baino ‘txakur handia’ zirudiela esaten hasi ziren. Azkenik izendapen hori hartu zuen 10 zentimoko txanponak.

Txakur txikia edo txori txikia

Hemendik hartutako argazkia

Txakur handia edo txori handia

Hemendik hartutako argazkia

Txanpon horiek gerra ostera arte erabili ziren. Desagerrarazteko saiakera bat baino gehiago egon bazen ere, 1941eko urriaren 29an debekatu zirenera arte erabili ziren.

1940an, Francoren agintepean, 5 eta 10 zentimoko txanpon berriak egin zituzten, aluminiozkoak. Txanponotan lantzadun zaldizkoa ageri zaigu lehoiaren ordez. Hala ere izenak eta izanak bat egin ez arren txakur handi eta txikiek jarraitu zuten guztion ahotan.

Zergatik txoria?

Ezin izan dut argitu izenaren jatorria. Hasiera batean Francoren agintepean egindako txanponetan agertzen zen arranoa izendapen honen atzean egon zitekeela pentsatu nuen, baina, izenok gerra aurrekoak direnez...

Bilbon argitaratzen zen Euskalzale astekarian, 1897an, honakoa agertzen da: Astebete igaro ezkero, gei bakoitza “txori andi bat”.

Ez dut uste Mutriku eta inguruko herritarrek txanponetako lehoia ikusi eta txoria zela esango zutenik!!

Hizkeraren bizitasuna

Gaur hona ekarri dudan honek erakusten du herri-hizkeraren bizitasuna.

Hizkera informalean sortzen diren esapideen atzean sormen gaitasun itzela dago, hizkuntzaren beraren osasunaren erakusgarri izan ohi dena. Gaur egun ere euskaldunok jarraitzen al dugu esapide, metafora eta konparazio biziak sortzen?

Gaztelaniaz garai bateko berbak dira:

Pasta; guita (dirua), pavo (5 pezetakoa, ogerlekoa), libra (100 pezetakoa), canelo (100 pezetako billetea), talego; papel; loro (1.000 pezetakoa), kilo (milioi bat pezeta)...

Badago bizirik dagoenik: Estar sin un duro; Estar sin blanca... (Guztiak garai bateko txanponak).

Euskaraz ere badira...

Arditik ere ez zeukan gajoak. [Ardit: balio gutxiko dirua]

Xemaikorik gabe egotea. [Xemaiko: 5 zentimoko txanpona; Jatorria ‘sei marabedikoa’].

Simon egon. (Batere dirurik gabe egotea).

...

2008/06/12

Atzamar jainkotiarrak


Ez naiz batere kolonia zalea. Etxeetako txori-kaiolen parekoak dira lurrin-ontziak, natura gurera ekarri nahi dugu, dosi txikietan bahitu nahi dugu. Sarritan konturatu ere ez gara egiten benetako usainak kanpoan daudela, gure zain. Udaberritik negurakoan aukera zabala daukagu usainoz bertatik bertara gozatzeko.

Udaberriaren amaiera honetan, asko dira naturak gugandik gertu jarri dizkigun usain gozoak: ukitze hutsarekin eskuetatik sudurreraino eraman dezakegun izpilikua (‘lavanda’), mendiko basa-marrubien usain betea, gure herri eta hirietako ezki-loreak, pagadi hezeetako orbelaren eta goroldioaren usaina... eta, nola ez aipatu, basoko atzamarren usain fina, sarkorra, eldarniozkoa.

Ikaragarria da landare honen loreek oparitzen diguten usaina. Ama-naturaren oparia.

Basoetako atzamarrak (Lonicera sp.)

Gaztelaniaz landare igokari hau izendatzeko gehien darabilgun izena madreselva da. Genero honen zientzia izena Lonicera da. Euskal Herrian espezierik ohikoena Lonicera periclymenum dugu.

Generoaren zientzia-izena (Lonicera sp.) Adam Lonitzer (1528-1586) botanikoaren omenez jarri zion Linneok 1753an.

Latinez, periclymenus esaten zioten eta grezieraz Periklýmenos. Argonautetako baten izena zen, edozein itxura har zezakeena, aipagai daukagun landarearen antzean.

Nola euskaraz? Hiztegietara joz gero (Euskaltzaindia, Elhuyar, 3000, Euskalterm...) “atxapar” izendapena jasotzen da genero horretako espezieetarako; basoetako atxaparra aztergai dugun espeziearen kasuan. Desegokia da neure ustez gaur egun hizkera estandarrean nagusi den forma, Euskal Herri luze-zabalean erabiltzen diren izenak ikusi besterik ez dago honetaz jabetzeko:

Jangoikuan atzamarrak (Abadiño, B // Eibar, G // Bergara, G).

Jesukriston atzaparrak (Osintxu, Bergara, G).

Kriston atzaparrak (Eibar, G).

Amabirjiñan atzaparrak (Mutriku, G).

Amaberjiñ-atzaparrak (Eibar, G).

Ama Birjiñaren beatzak (Oikina, Zumaia, G).

Apustuluen atzamarrak (Nabarniz, B).

Bistan dago atzamar, atzapar zein be(h)atz formek, herri bakoitzeko hizkeran, eskuetako atzamarrei egiten dietela erreferentzia. Erreferentzia jainkotiarra inondik inora: Jaungoikoari, Ama Birjinari edo apostoluei...

Orduan zer dela eta atxapar forma hori? Nondik jaso dute hiztegigileek? Batek jakin... herriren batean atxapar forma jasoko zuten eskuetako hatzak izendatzeko eta horra!

Beste forma batzuk: ahuntz-hostoa (Euskaltzaindia), sasiama (Azkue, Londresko eskuizkribuak).

Maiz errepikatzen den beste forma bat ere badago: aihen-ezkerra edo ezker-aihena. Euskaltzaindiak beste espezie batzuk (Calystegia sepium eta Convolvulus arvensis) izendatzeko darabilen arren hainbat herritan ‘basoetako atzamarrari’ esaten diote horrela:

Esker aihena (Ziberuko botanika edo lantharen jakitatia, Jean Baptiste Althabe, 1900).

Ezkerra-ayena (Lacoizquetak, Nafarroa).

J. M. Lacoizquetak bere obra ezagunean (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas; 1888) azalpen hau dakar:

“En esta comarca es conocida con la denominación de EZKERRA-AYENA, que viene de AYENA sarmiento y EZKERRA izquierdo o mano izquierda, significando sarmiento que trepa en hélice de derecha a izquierda, como es el caso de este arbusto”.

Goza dezagun, orain, Agustín Etxeberri idazleak 1887an EUSKAL ERRIA aldizkarian argitara emandako olerki eder honetaz:

MARIA ALEGIAZKOA

O! Maria, arbolaren itchuran

Iar bazinte, nonbeit mortuetan,

Ni nindake ezker-ayen billaka;

Bozik zuri lotuko besarka.

Amaitzeko, azken kontutxo bat, Dioscoridesek gizonezkoen kontrazenpzioari buruzko kapitulu batean landare hau aipatzen du. “Periklymenon” delako landareaz eginiko edabea 37 egunez hartuz gero gizonezkoak antzu geratzen omen dira.

2008/06/06

Trikuarenak egin du


Lehengo egunean, trikua ikusi nuen, kirikinoa. Barrua poztu, oroimena piztu eta hausnarketa puztu zizkidan. Politagoa zatekeen mendian, ezkutaketan, topatu izan banu. Baina geldi ikusi nuen. Sentitu nuen. Nire autoaren gurpilek azpian hartu zuten. Ordurako betiko loan bazegoen ere, amona xahar maitagarri bati oin herrena zapaltzea bezain mingarria gertatu zitzaidan. Esan bezala, triku zapalak oroimena lanean jarri eta Bernardo Atxagaren olerki ezaguna ekarri zidan gogora. Horrek poztu ninduen. Hain da maitagarria kirikinoa!


Erinaceus europaeus

Argazkiaren jatorria ikusteko egin klik hemen.


TRIKUARENA (Bernardo Atxaga, 1990)


Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,

eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;

gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.


Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,

Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan;

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago.


Eta berriro dio: Hau da nire erresuma, Goseak nago,

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?


Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz,

artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek

galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta sapelaitzak.


Baina gaua dator, joan dira sapelaitzak, eta trikuak,

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,

bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen

Gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;

Eta bapatean, zeharkatu egiten du

belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,

Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;

Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den

azkeneko zazpi mila urteotan berritu,

ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,

ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere.


Zenbat aldiz ikusi dugu trikuren bat? Zenbatetan bizirik? Gehienetan bide-bazterrean ibilgailuren batek zapalduta... Zapaldu ez ditugunak garai batekoak baino uzkurrago eta izutiago bilakatu zaizkigu gure bizimodu azkar hau ezin ulertuta.

Mutrikuar baserritar batek goxotasun kutsakorrez azaldu zidan: “leno makiña bat aldiz ikusten genduzen kirikixuak sagarrak eruaten bizkar-gaiñian”, euren arantzetan josita. Batzuek sagarzaletasun horretan oinarritzen dute ekialdeko hizkeretako SAGARROI hitzaren jatorria (‘sagar+(k)oi’ = sagartzalea). Beste batzuek aldiz, “sagu”arekin lotzen dute.

Trikuari KIRIKINOA esaten diogu Bizkaian. Gehienok “Kirikiño” entzun eta ikastola batekin lotzen dugu edota Mañariko idazle sonatuarekin (Ebaristo Bustintza). Nork lotzen du ugaztun txikitxoarekin?. “Trikua” zein “kirikinoa” hitzak latinetik omen datoz, ‘ericius’ (*trikinu/*krikinu) formatik.

Bizkaiko mendebaldean KIRIKOLATZA esaten zaio, bere arantzen latzagatik. Aurrerantzean ere latzak pasatu beharko ditu gure artean bizirauteko.

2008/06/02

Naturak agintzen duenean...

Batzuek, gaur lanera garraio-publikoan joan behar izan dute...

Atzo uriolak edo uholdeak izan genituen herrian. Bezperatik uholde arriskua zegoen iragarrita Nafarroan, baina ez gure inguruan. Bizkaiko beste leku batzuetan baino nabariagoa zen atzo goizean, larunbatetik iganderako gauean botatako euri-zaparrada etengabeen ajea.

Gobela ibaiak gainezka egin zuen aldameneko errepidea ere hartuz. Atzo Gobela “ibai-zabal” bilakatu zitzaigun. Irratian entzun orduko asko izan ginen argazki-makina hartuta Fadura aldera joan ginenak Bilboko 83ko uholdeen irudiak gogoan.

Makalen etorbidea ala Gobela-berri?

Zerbaitengatik dauka inguru honek FADURA izena. Fadura, Kiroldegiari ez ezik inguru osoari ere esaten diogu. Toponimo zaharra dugu Getxon. Euskara estandarrean padura, ‘zingira, istinga, urgeldia’ esanahia dauka.

Latinetik datorren hitza dugu PADURA, palus,-udis ‘aintzira, zingira’. Paludam-etik padulam-era pasatu zena (metatesi bidez) eta azkenik, padura/fadura hitzera.

Padura ala ibaia?

Natura gure nahierara antolatu nahi dugun honetan, sarritan, horrelako harroaldiak erakusten dizkigu. Izan ere, ehunka urteetan zingira zena porlan eta asfaltoz hiritartu dugu. Naturak ez du gure logika berbera. Zergatik ote? Gehienek dioten legez, natura zoratu zaigulako ala naturaren hizkuntza ahaztu zaigulako?

Hezetasunaren auzoa ere esaten diote askok, Fadura inguruari. Horrela daude gaur alde horretako atari, garaje eta beheko etxebizitza ugari. To be continued? Prefosta.

Ahateak, pozik, baratzeen gainetik igerian

Argazki gehiago ikusteko egin klik HEMEN