2008/10/13

Aurrerakuntza ez da broma!!

Ez da txantxa, ez. Euskal Herriko paisaiak aldatzen dihardu. Lehorrekoei baserri inguruko belar-meten desagertzeak uzten dien sentsazio berbera gureganatzen dugu itsasaldekook gure portuetan zurezko ontziak urritzen ikustean. Aurrerakuntzak aldaketak eragin ohi ditu kulturan. Gure kultura materiala ikaragarri azkar ari da aldatzen.

Algortan, Arriluzeko portura joatea baino ez dago horretaz ohartzeko. Garai batean, ontzietako ohol ustel edo hondatuak aldatzen jarduten ziren arrantzale zaharrak... Egurrezko itsasontzien ordez, orain, plastikozkoak nagusitu zaizkigu.

Arriluzeko portuko zurezko ontzia

Inork gutxi gogoratu arren egurrezko ontziok bazuten zomorro txiki bat –egokiago esateko– molusku txiki “zital” bat. Ontziaren ur-azpiko aldean berau zulatzeko zaletasun “berezia” zeukaten/daukate... Zulatutakoan ohol hori usteldu egiten zen eta ahalik eta azkarren aldatu beharra egoten zen. Gaztelaniaz, teredo, taraza edo broma esaten zaio. Euskaraz... nola? Zizare barrenaria (Euskalterm), mamorroa, broma...

Molusku txiki honetatik babesteko patentea ematen zaio ontziari. Pintura honen funtzioa zorioneko molusku hauek eta lapa-txikiak (balanoak) ontziaren kroskoan itsastea eragoztea da. Ez ditugu nahastu behar zizare barrenariak (moluskuak) eta balanoak (Algortan “escaramujo” izena hartzen duten krustazeoak). Lehenengoek ontzia zulatzen dute, bigarrengoek aldiz itsatsitakoan, ontziaren abiadura moteltzen dute.

Ontziak ezezik bestelako egurrak ere gustuko ditu
Hemendik hartutako argazkia

Bere zientzia-izena Teredo navalis da. Grekerazko teredo/n hitzak molusku honen izena izateaz gain ‘sitsa’, ‘harra’ ematen zuen aditzera. Navalis, berriz, ‘itsasontzietakoa’ esanahia daukan latineko hitza dugu.

Euskara batuan zizare barrenaria (Euskalterm) erabiltzen dugu. Esanahi garbiko hitza. Ingelesez ere bere esanahia ezin garbiagoa da shipworm, ‘ontzietako zizarea’. Mutrikun gomia esaten zaio (goma mugagabean). Ikusiko dugunez Mutrikuko euskarara gaztelaniatik pasatu zen (broma) eta gaztelaniara grekeratik...

Gaztelaniazko hitzik ohikoena broma da. Bai, ez da txantxa! Broma hitza grekeratik dator, ‘txantxarra’ esanahitik. Santander aldean “gruma”, Asturiasen “gruma/groma”...

Teredo (edo teredón) hitza ere erabiltzen da gaztelaniaz. Gorago ikusi dugunez, grekeratik dator. Frantsesek “taret” esaten diote.

Gaztelaniazko taraza hitza gaztelaniazko "tarazar" (‘txikitu’) aditzean du jatorria. Azken honek ‘suntsitu’ esanahia zeukan latinezko “tractiāre” hitzetik dator.

Algortan –hainbat lekutan bezala– bicho esaten zaio; hau ere ez da broma!

Hara hor zorioneko barrenari, zulatzaile, perforeitorra!
Hemendik hartutako irudia

2 comentarios:

oskar dijo...

bai, noski askoz politagoa dela egurrezko ontziak edo txalupak ikustea gure portuetan. Plastikoa nagusitu dela esaten duzu baino bestaldetik ikusita era horretan zuhaitz gutxigo moztuko ditugu gure txalupak mantentzeko...ez?.

Josu Larrañaga Arrieta dijo...

Egia da, bai. Baina dena da plastikoa gure bizitzan: argazki-makinetako kutxa, ordenagailuko sagua, umeen jostailuak, supermerkatuetako poltsak... Askotan, kontua ez da egurra ala plastikoa erabiltzea; kontua sarritan erabiltzen duguna darabilgula "jasangarria" izatea da. Eta ahalik eta naturalena bada... hainbat hobeto.