2009/10/27

Arbola madarikatua, gorri kolorez

Badira zenbait zuhaitz gure tradizioan santu edo bedeinkatutzat jo izan direnak: lizarra, elorria, ereinotza... Erramu egunean edo San Juan egunean baserrietako ateondo eta soroetan jarriko ditu hainbatek etxea ekaitzetatik babesteko. Baina bada zuhaitz bat –zuhaixka zehatzago esateko– madarikatutzat jo izan dena gure artean: zuhandorra.
(2009-10-25, Salburua, Gasteiz)
Igandean, Gasteiz ondoko Salburuako hezegunean, gorri-gorri zeuden zuhandorrak. Berdetik gorrira egin dute udatik hona zuhaixkok. Gogoko izan ditut beti herriak naturaren ezaugarri edota gertaerak azaltzeko ematen dituen azalpenak. Goazen bada izenetik izanera; hiru izen nagusi ditu euskaraz:

- Zuhain madarikatua / Arbola madarikatua (Z, L).
- Judas-egurra (Mutriku, Markina), Judasa (Elosua).
- Zuhandorra eta aldaerak (G, L, GN, BN, Z).

(2009-10-25, Salburua, Gasteiz)
Begi bistakoa da lehen bien kutsu negatiboa. Hirugarren izendapena –euskara batuan nagusitu dena– ilunagoa da. Aurreko bien bidetik azal daiteke ordea, zur + andur ‘doilorra’; hau da: “egur/zuhaitz doilorra". Larrabetzun (B) txakur-egurra esaten diote tiragomak egiteko erabili izan duten zuhaitz honi.

Fruitu helduak (2009-10-25, Salburua, Gasteiz)
Zer dela eta izen hauek?
Azkuek Euskalerriaren Yakintza lan ederrean hau jaso zuen:
Giputz baserritar batek: ·”Zer da zuandorra?” galde egin nionean, “Jesukristo jo zuten egur mota”, erantzun zidan. Erriak auxe dala uste du Jesukristo yoteko, il bear zuen egunean, bere etsaiak erabiliriko egurra.

Hostoak, gero eta gorriago (2009-09-10, Bolue, Getxo)
Zuhaixka honen hosto-adarrak udazkenean gorritzen direnez... ederra azalpena!!
Gorri kolore hori beste herrialdeetan ere odolarekin lotu izan da: zientzia-izenetik hasita, Cornus sanguinea; gaztelaniaz, “cornejo” formaz gain *cornicŭlus, latinezko cornus izenaren txikigarria sanguino esaten zaio; portugesez, sanguinho; katalanez, sanguinyol; galegoz, sangomiño...
Zuhaitz hau, lehengo euskaldunentzat ere, ez zen “parte onekoena”; izan ere, hau jaso zuen Azkuek: "Sorginek beren egunetan egur au erabilten omenzuten”.

Hosto berde gazteak (2008-06-17, Askorri, Getxo)
Ezin ederrago dauzkagu orain basoak, soildu bezperan, kolore ederrez jantzita. Zuhaitz hosto galkorrak berdetik marroirako kolore-festan: pagoak, haritzak, urkiak, astigarrak.... Tartean hosto iraunkorrak betiereko berdeari eusten diote, dekoratu baten altzari finkoak bailiran. Basora bazoazte eta beste horien aldamenean zuhandorrik ikusten baduzue, asmatu zergatik hartu duen kolore hori... Esaterako, pentsa dezakezue zuhaitz odoltsua barik lotsagorritutako norbait izan daitekeela, lotsak hartuta geldi-geldi geratu eta sustraiak bota zituena, aspaldi batean.

No hay comentarios: