2009/02/16

Neguaren mainak, koloretan

Urte sasoi guztiek dute euren xarma. Naturari begiratzeko moduan egon ohi da akatsa: eskatzea ala hitz egiten uztea... Begi handidun ume haren pare, oraindik ez dut harritzeko gaitasuna galdu. Negurik gordinenean ere naturaren deia entzunez orbel umel azpitik eta itxura iharreko adar horretatik lore ederrak ageri zaizkigu, han-hor-hemenka...


Arrosa-purpura...

San Robertoren zaingorria (Geranium robertianum L.)

2009/01/17, Alango (Algorta)

Lila-morea...

Murruntza (Cymbalaria muralis)

2009/01/24, Ereaga (Algorta)

Zuri-horia...

Bitxilorea (Bellis perennis)

2009/02/12, Alango (Algorta).

Horia...

Korradu belarra (Ranunculus ficaria)

2009/02/15, Andra Mari (Getxo).

Arrosa kolorekoa...

Asun borta (Lamium maculatum)

2009/02/15, Askorri (Getxo)

Naturaren indarraz...

Lozorrotik esnatzen, sahats kimuak (Salix sp.)

2009/02/15, Askorri (Getxo)


Kolore ugari neguaren bihotzean. Espezie bakoitzak du bere garaia, lore bakoitzak bere ñabardura. Bada gure artean loretan dagoen zuhaitz ederra: MIMOSA-ARBOLA.

Pinu eta haritzaren ostean mimosa-arbola izan zen ikusiz ikasi nuen lehenengoetako zuhaitza. Amonarenean zegoen mimosia, galanta. Kalekumeok, zuhaitza zegoenik ere ez genekien bazter horretan, hara non agertzen zen urte hasieran hori kolore erakargarriz apaindutako arte-lana.

Udaberriaren gertutasuna salatuz, urtarriletik martxora bitartean loratzen da arbola hau.

Izen berezia dauka benetan zuhaitz honek, "mimosa". Euskaraz eta gaztelaniaz hala esaten diogu. Mainatsua ote? Espezie batzuen portaera harrigarritik datorkio izena: ukituz gero, hostoak (hainbat foliolok osatuak) uzkurtu egiten dira, eta zurtoinik finenak indarra galduz bezala zimel traza ematen diote. Harrapari eta etsaietatik babesteko modu bitxia da. Horregatik esaten zaio ingelesez Don’t-Touch-Me (‘ez nazazu ukitu’).

Mimosa hitza latinezko mimus-etik dator; ‘komediante’ esangura zeukan. Antzinateko mimoek keinuez adierazten zituzten euren sentimenduak. Halatsu zuhaitz berezi honek.

Gure artean nagusi den mimosak Acacia dealbata du zientzia-izena.


Generoa: latinezko formatik (acacia), eta hau grekeratik (akakía) ekialdeko espezie apaingarriak izendatzen zituena. Akis (= punta), Afrikako akazia espezie batzuek dauzkaten arantzengatik.

Espeziea: Dealbata, zurixka, bere folioloek (azpialdean) eta enbor-zurtoinak daukaten hauts zuriagatik.

Bitxia bada ere, gure artean hain ezaguna den espezie hau, ez da berez hemengoa, beno... Euskal Herrian ez da berezko landaretzat hartzen. Baina dagoeneko bertakotuta dago.


Landare inbaditzailetzat jotzen da. Hasiera baten parkeetan eta etxe inguruetan aldatzen hasi eta, gaur egun, hainbat bide bazterretan ikus genezake.

Jatorriz Australia hego- ekialdekoa eta Tasmaniakoa da. Ia mundu osora zabaldu da, apaingarri moduan landatuta. Normalean 10-12 metro izatera iristen da. Dena den 30 metrorainokoak izan daitezke.


Azkar hazten da. Suteen ostean mimosa da hazten den lehen espeziea (haziak hamar urtetik gora egon daitezke ernatu gabe). Duela gutxi Australia aldean izandako suteetan kiskaldutako basoetan lehenago edo beranduago haziko dira zorioneko mimosak, bazterrak hori kolorez jazteko...

4 comentarios:

Sugandila dijo...

Hi mimosón, eroango nauk nonoz Don't touch me mota horretako mimosa bat ikustera ezta? Hori benetan ikusgarria izan behar da. Eta portzierto, betse eguneko Euzkadi eta Euskadiren harira... Askorri ala Azkorri?? "S"gaz idatzi dok hik, zer ba? Akatsa, ala euskaltzaindiari afrenta? :D

Josu Larrañaga dijo...

Iepa mainontzi! Egia esan 'Mimosa' izena portaera bereziko espezie batek eman ziok: "Mimosa pudica". Gaztelaniazko izenak oso adierazgarriak dituk: sensitiva, vergonzosa, planta de la vergüenza, dormilona... Getxo aldean egongo al da baten bat? 'Askorri' toponimoa nahita idatzi diat S-rekin. "Getxoko leku izenak" liburuko aipua jasoko diat: "Osagaiak 'atx', konposatuetan kontsonante aurrean 'as-' bihurtu ohi dena, eta 'gorri' adjektiboa dira. Ondorioz, argi dago 'Azkorri' idazkera ez dela egokia".

Sugandila dijo...

jajaja. Amen. :D

Koldo dijo...

Kaixo Josu!
Askotan irakurtzen dut zuk idazten duzuna, nire euskara hobetzeko modu jatorrenetariko bat delako. Primeran datorkit! Gainera, izugarri gustatzen zaizkit gai hauek guztiak!

(Barkatu nire akatzak, batzuetan,egunero bost orduko trinko batean egotea ez delako nahikoa. Baina JOTAKE nago EGA lortu arte!)
Besarkada bat!

Koldo Iturralde