2008/09/03

Iraila, berriro ere

Iraila, ikasturtearen hasiera da hainbatentzat. Asko dira urte hasierari baino aldaketa traza handiagoa hartzen diotenak irailari. Batzuek, oporren osteko sindromea aipatuko digute, beste batzuek oporretan dirua barra-barra xahututa iraileko aldapaz hitz egingo dute, gaztetxoenek berriz, liburu berriekin ikasturte berriari ekingo diote asmorik onenekin.

Euskara batuan iraila esaten diogu hilabete honi... Gehienen iritziz, ira + hila, hots, “iraren (edo garoaren) hilabetea”.

Iratze arruntak (Pteridium aquilinum) maiatzean, atzean Kolitza mendia


Baina hau ez da euskarazko forma bakarra. Hainbat forma daude hilabete hau izendatzeko...

Iraila (B, L): Ira + hila. Iratzearen hila.
Garoila / Garila (G): Garo + hila. Irailaren baliokidea, garoaren hilabetea.
Agorra / Agorrila (Deba ibarra, G): Agian, ‘agorra, sikua.’ [Kontuan izan, beste leku batzuetan agorrila, ‘abuztua’ dela].
Buruila (Iparraldeko zenbait herritan): Buru + hila. Hasierako zein amaierako hilabetea zelako, askoren ustez. Vinson-ek (eta Julio Caro Barojak) urtea irailean (‘buruilean’) hasten zela zioen. Campionek, aldiz, urteko azken hilabetetzat zeukan.
Setemera, setemea (Z): Latinezko september hitzean du jatorria.
Urrile(he)nen / Urrilelango (Arratia, B): Urri + lehen. Arratian, “urri bigarrena” esaten diote urteko 10. hilabeteari, euskara batuko urriari, alegia.
Urria (N): Joaquin Lizarraga idazle nafarrak (Elkano, XVIII-XIX. mendeak) urria zerabilen eta osteko hilabeteari –batuko urriari– lastaila...
Autono (Getxo): Azkuek bere hiztegi ederrean jaso zuenez Getxon irailari autono esaten zitzaion (zaio?). Latinetik dator, "autumnum" hitzetik, gaztelaniara beste zentzu batekin pasatu zen (otoño, 'udazkena').

Oso zaila gertatu bide zen euskaldunon egutegia (aspaldiko ilargi-egutegia) arau eta neurri berrietara (eguzki-egutegia) egokitzea. Hortik dator hainbat hilabeteren izenek adiera bi izatea: garagarrila (ekaina eta uztaila), agorra (abuztua eta iraila), urria (iraila eta urria)...

Getxoko autono berbak –era ilun samarrean bada ere– udazkena bertan daukagula salatzen digu. Izan ere, ‘autonon’ gauden arren oraindik uda da, egutegiaren arabera behinik behin.

Ederra da iraila. Ikasturte berri-berria guztiontzat. Basoak soiltzen hasiko zaizkigu, eta kolore arre-marroiek malenkoniaz jantziko dituzte gure bazterrak....

Garoa, ira, inaztorra edo iratzea. Garo espezie ugari dago. Nik lau aipatuko ditut, euskaraz aparteko izena daukatelako: San Joan iratzea edo trumoi garoa (Osmunda regalis), sorgin-iratzea (Athyrium filis-femina), haritz-iratzea (Polypodium interjectum) eta –gure mendietan ezagunena– iratze arrunta (Pteridium aquilinum).

Sorgin-iratzea (Athyrium filis-femina) erreka-ertzetan eta baso laiotzetan bizi da.

Iratze edo garo arruntak (Pteridium aquilinum) oso erraz daki egokitzen mendialde ezberdinetara. Gure mendiak erretzen direnean sortzen diren lehen landareak garoak izaten dira. “Garo eguzkizalea” ere esaten zaio, izan ere bestelako hainbat garo-espezie baso heze eta ilunetan bizi da.

Izen zientifikoak oso ondo deskribatzen du landare honen morfologia: Pteridium, Pteris izenaren txikigarria da. Pteris izena grekeratik dator, pteron hitzetik eta ‘hegala’ esanahia dauka, bere hostoen itxuragatik.
Aquilinum berriz, latineko aquila (arranoa) hitzetik dator, hostoen itxurari erreferentzia eginez. Arranoen hegalak (zabalik) gogorarazten dizkigulako.

Haritz iratzea (Polypodium interjectum) harrizko hesi eta zuhaitzetan bizi ohi da.

Gaztelaniaz, septiembre nahiz setiembre esaten diogu hilabete honi... Bederatzigarren hilabetea da guretzat, baina ez Erroma zaharrekoentzat; haientzat september zen, hamar hilabeteko egutegiko zazpigarrena. Hauek ziren orduko ilargi-egutegi zaharreko hamar hilabeteak: Martius, Aprilis, Maius, Iunius, Quintilis (bosgarrena), Sextilis, September (zazpigarrena), October (zortzigarrena), November (bederatzigarrena) eta December (hamargarrena). Geroago gehitu zitzaizkion 12 hilabeteko egutegia osatzen duten beste biak: Ianuarius eta Februarius.

No hay comentarios: