Fraideak, lekaideak... eta Mutrikun, frailliak edo prailliak.
Sasoi baten, ezagunak ziran gure herrixan Zarauzko komenduko prailliak; urtian-urtian geurea etortzen ziran-eta, misiuak ematera. Saturraranen ere bazozen “frailliak”.
1930ian Marista anaixak Mutrikura etorri ziranetik makiñatxo bat mutrikuarrek ikasi zoan beurokin. Harek ere frailliak.
Gaur egun Mutrikun ez dago fraillerik, baiña geure herriko euskeriak, oraindio ere, segitzen deu frailliak gogoratzen...
Erremeixo-bedar ezaguna da Mutrikun txixa-bedarra (Lepidium latifolium), ezin egokixagua guntzurrunak garbittu eta bertako harrixak desegin nahi diranian. Mutrikuar batzuk fraille-bedarra esaten dixue landara honi, frailliek ekarrittakua dalako-edo. Nondik ekarri, baiña? Ez dago adostasunik: Zarauztik ekarrittakua dala, Ameriketatik ekarri zeuela, Arantzazutik...
Badago fraille-burua izeneko landara bat, askorentzat erderazko izenez ezagunagua, akaso: ‘diente de león’ (Taraxacum officinale). Mutrikun beste izen batzuk ere badaukaz landara ezagun honek: garduberia, gardua, txikori-bedarra... Fraille-burua. Eta izen xelebre hori, zer dala-eta? Loria zimeldutakuan burua zuri-zuri eta erdi-soilduta geratzen zakuelako, itxuria.
Fraille buruak
Baserri aldetik itsaso aldera salto eginda... fraille-kamarrua daukagu. Ezagutzen al dezue? Erderaz ‘buey’ (Cancer pagurus) esaten zakon kamarrua ikusi, mutrikuarrok fraillien habitto marroiarekin akordau, eta... izen berezixa eman giñon.
Fraille-kamarrua.
Hemendik aterako argazkixa.
Maristak aittatu dittugu frailliez jardun degunian, baiña maristia izeneko animailixia ere bada... Mutrikun orkia (Orcinus orca) ere esaten zako. Zerreittio izen hori? Prailliek ibiltzen zeuen sotanak ugaztun horren tankeria zaukalako, papar zurixa eta gaiñeko aldia illun-illuna.
Maristia
Markiña aldeko herri batzuetara juaten bagera frailleulidxe (edo prailleulidxe) entzungo degu Mutrikun mandeulixa esaten zakona izentatzeko. Azkuek bere hiztegi ederrian jaso zoan bezela “llamada así por su color semejante al del hábito de ciertos frailes”.
Eta zeiñ ete da Iztuetak “Gipuzkoako Probintziaren Kondaira edo Historia” (1847) liburuan jasotzen doan fraidearraina? Lhande hiztegigilliak fraidarrein sarrerian hola dakar: "Monstre marin qui a la tête d'un homme et la tête rase".
Laster, fraillia entzun eta pertsonia baiño landaria, kamarrua, edo... etorriko zaku lehenuo burura. Lehenguentzat egunerokua zana orainguontzat kontu xelebria.
Markia da gero!