2008/11/30

Mihura, parasito magikoa

Kalekumeok ‘mihura’ hitza entzun eta batetik arraza suharreko zezena edo idazle baten akordua (Miguel Mihura) datozkigu bat-batean. Azken batean, jatorri japoniarreko abizen espainiarra dugu. Baina gure artean mihuraz aritzen garenean landare parasitoa izan ohi dugu hizpide, zuhaitz batzuen adarretan bizi den landarea, alegia.

Aurten ere San Tomas (Euskaltzaindia dixit) azokan mihura-saltzaileak aurkituko ditugu gure herrietako plazetan, etxeko ateburuan jarrita zorte ona ekarriko digulakoan. Zertarako erabili izan da mihura gure artean? Eta Europako beste herri batzuetan?

Mihura, elorri zuri batean (Urigoiti, Orozko)

Gaztelaniaz muérdago esaten zaio. Bere zientzia-izena Viscum album da.

Esan dugun bezala, mihura landare parasitoa da baina ez da zuhaitz guztietan hazten, nagusiki fruta-arboletan hazten da; haritz, arte, makal zein bestelakoen adarretan ere bizi ohi da.

Mihuraren hosto-galtzarbeetan sortzen diren fruituak sexubakarrekoak dira; landare bakoitzak sexu bat baino ez dauka. Fruitu emeak baia zuri likatsuak bihurtzen dira. Fruituok neguan heltzen dira. Fruitu bakoitzak hazi txikia dauka, hegaztiek (zozoek batez ere) berauek jandakoan itsatsita geratu zaien mokotik kendu ahal izateko zuhaitzen adarretan uzten dutena.

Erabilera ezberdinak

Mutrikun txahala egin berritan behiei mihura-ura eman izan zaie karena edo plazenta botatzeko. Bestetik, txoriak harrapatzeko lika egiteko ere erabili izan dira mihura-fruituak. Txoriak modu honetan harrapatzea debekatu dago gaur egun. Hona hemen txori koittaduak nola harrapatzen ziren:



Abadiñon tentsioa jaisteko erabili izan da landare hau, infusioan hartuta.

Bestelako erabilerak ere izan ditu mihurak: lunbagoa eta ziatikaren kontra egiteko, baita ospel eta barizeak kentzeko.
Minbiziaren aurkako borrokan emaitza onak lortu dira mihurarekin, izan ere bere molekula eta proteinek tumoreei aurre egiten dietela frogatu dute hainbat ikerketek.

Dena dela, landare honen toxikotasunagatik bere salmenta debekatuta (edo oso mugatuta) dago.

Landare sakratu eta magikoa

Antzinako druiden artean sakratua zen mihura, gaitz magiko zein fisikoei aurre egiteko aproposa. Babesgarri eta sendagarri –magiko– indartsutzat zeukaten. Bakearen ikurra ere bazen eta kutun babesgarria. Gizontasunaren sinboloa zen, gorostiarekin kontrajarrita zegoena (emetasunaren ikurra azken hau). Sehasketatik zintzilikatzen zen maitagarri edo hadek umerik lapur ez zezaten. Elezahar batzuek diotenez mihuraren botere magikoa bere sorreratik dator; ez delako ez zerutarra ez lurtarra, bere sustraiek ez dutelako lurra ukitzen. Horregatik hartzen denean ez da lurrera jausi behar eta jasotakoan sabaitik zintzilikatu beharra dago.

Mito batzuen arabera, tximista batek zuhaitz batean jotzean sortzen da mihura, modu horretan sinbolikoki zeru-lurrek bat egiten dutelako.


Garbiñe Agirrek "Druidak Zesarren testuetan" izeneko artikuluan honakoa aipatzen du:

"Plinio Zaharrak (Historia Naturalis) druiden zeremonia baten berri ematen digu. Mihura jasotzen ikusi zituen; ilargiaren seigarren eguna aukeratzen dute horretarako eta prestaketa moduan oturuntza eta bi zezen zurien sakrifizioa egiten dute. Druida arropa zuriz zuhaitzera igoko da eta urrezko igitai batez mihura adar bat ebakiko du eta kapa zuri batean jasoko. Zezenak orduan sakrifikatzen dira".

Tximistetatik, gaiztakerietatik eta gaixotasunetatik babesteko erabiltzen zuten, emakumeei haurdun geratzen laguntzeko, ikusezin bihurtzeko, zauriak sendatzeko...
Udako eta –batez ere– neguko solstizioetan jasotzen zuten, –ahal zela– haritzetan jaiotako mihura-adarrak.

Gaur egun mihura, zorionarekin lotzen da eta Gabonetako jaietan erabiltzen da. Esaten dutenez, adar txikitxo bat baino ez da jarri behar eta sekula ez da diruaren truke eskuratu behar, bestela zoriona desagertu eta zoritxarrak ekar ditzakeelako. Modu honetan landarea modu magikoan babesten da, bai merkaturatzetik bai neurrigabeko inausketetatik.
Mihuraren azpian dauden bikotekideek elkarri musua emanda euren maitasuna iraunarazten omen dute. Beraz badakizue, ez erosi mihurarik, edo erostekotan oparitzeko izan dadila... adar-txikiak erabili eta on egin diezazkizuela mihurapeko musuek.

Euskaraz, gaztelaniaz eta latinez mihura izendatzeko hitzen inguruan gehiago jakiteko klikatu hemen.

2008/11/06

Obama presidente, arranopola!

Bada gure artean errealitatea -ezinbestean- zuria ala beltza dela dioenik. Ustez manikeismo hori gaindituta dagoen honetan sarritan gogorarazi behar izaten zaie batzuei kolore grisak eta nabarrek dakarten aberastasuna... Ideologien globalizazioak ekarri du aukeren eta ideien homogeneizazio hau.

Hilabete luzeetan Ameriketako Estatu Batuetatik zuriaren eta beltzaren arteko lehia bizi izan dugu. Hautagaiek Etxe Zuria izan dute amets...

Lehengo egunean, irratian, Gipuzkoan bizi den eta Obama abizena daukan emakume batek zioenez “arranoa” esanahia dauka AEBetako azken hauteskundeak irabazi dituen hautagai demokrataren deiturak. Bitxia, pentsatu nuen, arrano beltza. Arranopola! Barack Obamaren aita zena keniarra zen. Obama abizena oso ugaria omen da Afrikako Ginea herrialdean. Gabon, Kamerun eta Ginean dagoen Fang etniakoen hizkuntzan erabiltzen da “obama” hitza.

Hemendik hartutako irudia

Ameriketako Estatu Batuetako ikurra da arranoa. Baina ez edozein arrano, “arrano burusoila” izenekoa, zientzia-izenez, Haliaeetus leucocephalus. 'Burusoila' izendapena izan arren ez da burusoila; ale helduek buruan luma zuriak dauzkate. Zuri-beltza da arrano hau, Obamaren aita eta amaren modukoa. AEBetako ereserkian ere aipatzen da arranoa...

AEBetan ehuneko batera ere ez dira iristen bertako jatorrizko biztanleak, indiarrak alegia. Hilabeteetako kanpaina honetan Barack hautagaia indiarren erreserba batera joan zen boto ehizan; Montanan, Arrano Beltza izeneko indiar batek hautagai demokratari ‘garbiketa’ erritual baten bidez izena aldatu zion, bere izen berria: Awe Kooda Bilaxpak Kuuxshish (‘lurraren bitartez herriari laguntzen diona’, hala bedi).

Barack Hussein Obamak izen ugari izan ditu: Barry Soetoro, Barry Obama, Barack Dunham, Barry Dunham... Indonesian bizi zela lagunek Barry esaten zioten. Barry da bestealde George Bushen txakurra, txakurraren kolorea imajinatuko duzue... beltza. Ondo hezitako txakur honekin agertu zen Gabonetan AEBetako presidentea.

Obama gaztetan Barry, Bushen txakurra ere Barry. Zaharrak barri.
Badoa Bush eta badator Obama... Bush abizenak ‘zuhaixka’ esanahia dauka... Aukeran, zein nahiago? Zuhaixka ala arranoa, flora ala fauna... dena da naturala!