2008/10/13

Aurrerakuntza ez da broma!!

Ez da txantxa, ez. Euskal Herriko paisaiak aldatzen dihardu. Lehorrekoei baserri inguruko belar-meten desagertzeak uzten dien sentsazio berbera gureganatzen dugu itsasaldekook gure portuetan zurezko ontziak urritzen ikustean. Aurrerakuntzak aldaketak eragin ohi ditu kulturan. Gure kultura materiala ikaragarri azkar ari da aldatzen.

Algortan, Arriluzeko portura joatea baino ez dago horretaz ohartzeko. Garai batean, ontzietako ohol ustel edo hondatuak aldatzen jarduten ziren arrantzale zaharrak... Egurrezko itsasontzien ordez, orain, plastikozkoak nagusitu zaizkigu.

Arriluzeko portuko zurezko ontzia

Inork gutxi gogoratu arren egurrezko ontziok bazuten zomorro txiki bat –egokiago esateko– molusku txiki “zital” bat. Ontziaren ur-azpiko aldean berau zulatzeko zaletasun “berezia” zeukaten/daukate... Zulatutakoan ohol hori usteldu egiten zen eta ahalik eta azkarren aldatu beharra egoten zen. Gaztelaniaz, teredo, taraza edo broma esaten zaio. Euskaraz... nola? Zizare barrenaria (Euskalterm), mamorroa, broma...

Molusku txiki honetatik babesteko patentea ematen zaio ontziari. Pintura honen funtzioa zorioneko molusku hauek eta lapa-txikiak (balanoak) ontziaren kroskoan itsastea eragoztea da. Ez ditugu nahastu behar zizare barrenariak (moluskuak) eta balanoak (Algortan “escaramujo” izena hartzen duten krustazeoak). Lehenengoek ontzia zulatzen dute, bigarrengoek aldiz itsatsitakoan, ontziaren abiadura moteltzen dute.

Ontziak ezezik bestelako egurrak ere gustuko ditu
Hemendik hartutako argazkia

Bere zientzia-izena Teredo navalis da. Grekerazko teredo/n hitzak molusku honen izena izateaz gain ‘sitsa’, ‘harra’ ematen zuen aditzera. Navalis, berriz, ‘itsasontzietakoa’ esanahia daukan latineko hitza dugu.

Euskara batuan zizare barrenaria (Euskalterm) erabiltzen dugu. Esanahi garbiko hitza. Ingelesez ere bere esanahia ezin garbiagoa da shipworm, ‘ontzietako zizarea’. Mutrikun gomia esaten zaio (goma mugagabean). Ikusiko dugunez Mutrikuko euskarara gaztelaniatik pasatu zen (broma) eta gaztelaniara grekeratik...

Gaztelaniazko hitzik ohikoena broma da. Bai, ez da txantxa! Broma hitza grekeratik dator, ‘txantxarra’ esanahitik. Santander aldean “gruma”, Asturiasen “gruma/groma”...

Teredo (edo teredón) hitza ere erabiltzen da gaztelaniaz. Gorago ikusi dugunez, grekeratik dator. Frantsesek “taret” esaten diote.

Gaztelaniazko taraza hitza gaztelaniazko "tarazar" (‘txikitu’) aditzean du jatorria. Azken honek ‘suntsitu’ esanahia zeukan latinezko “tractiāre” hitzetik dator.

Algortan –hainbat lekutan bezala– bicho esaten zaio; hau ere ez da broma!

Hara hor zorioneko barrenari, zulatzaile, perforeitorra!
Hemendik hartutako irudia

2008/10/02

Baso bizar-zuriak

Aurreko batean basoak atzamarrak dituela (Lonicera sp.; Amabirjinaren/Jainkoaren atzamarrak) esan genuen. Lehengo egunean asfaltoa utzita, ikaratuta geratu nintzen gure basoen agure itxuraz. Bai, bai, bizar zuri dotorez jantzita dauzkagu basoak. Atzamarrak, bizarra... Askori oharkabean pasatu arren, arreta apur bat nahikoa izaten da hainbat elementu eder aurkitzeko; kolore, usain eta itxura ugarikoak gainera. Guztioi gertatu zaigu inoiz bazenik ere ez genekien zerbait topatuta, aurrerantzean nonahi ikustea, besterik egongo ez balitz bezala.

Ferietako "azukrezko kotoia"?

Zer dira ba basoetako bizarrok? Euskara batuan aihenzuria (edo ezkabia-belarra) esaten zaion landarea da. Zehatzago esateko landare honen fruituen lumadun “isatsak” dira, zuriak eta itxura deigarrikoak. Gaztelaniaz clemátide da zabalduen dagoen izena. Zurezko landare igokaria da aihenzuria. Nahiko ugaria gure basoetan; zuhaitz eta sasitzetan gora hazi ohi dena.
Udaberrian eta –batik bat– udan botatzen ditu loreak eta orain, udazkenean, fruituak heltzen direnean bizar itxura hori ematen diote.

Loreak eta fruituak, uda eta udazkena

Izena eta izana, biak, bat direnez, hona hemen landare honen izenen inguruko zenbait gorabehera:

Landare honen zientzia-izena Clematis vitalba da.
Generoa, Clematis, zenbait landare igorariren latinezko izen klasikoa da. Grekerazko klematís izenean du jatorria eta bere esanahia –grekeraz- ‘aihen txikia’ da. Grekerazko klematís hitza berriz, klemas hitzean du jatorria, ‘aihena edo zurtoina’.
Espezieari dagokionean, vitalba, erromatarrek zerabilten “vitis alba” (aihen/mahatsondo zuria) izenetik dator. Izen hori ematen zioten erromatarrek astamahatsari (Bryonia alba) nagusiki.

Bizarren zuria eta iratzeen berdea!!
ITXURA

Aihenzuria (Hiztegi batua), aihen xuria (Zuberoa).
Lore eta fruituen inguruko lumei erreferentzia egiten die; latinezko “vitalba” hitzaren baliokidea da. Hainbat hizkuntzek ere jaso zuten ideia hori: gaztelaniak (vidalba, vidraria, viña blanca), frantsesak (vigne blanche), portugesak (vitalba, vide-branca)...

Ingelesez izen politak dauzka, Old man's beard, ‘gizon zaharraren bizarra’ eta Traveller's Joy, ‘bidaiariaren poza’.

Amarauna (Eibar). Armiarma-sarearen antza daukatelako eibartarrentzat luma zuriok.

Gaztelaniazko cabello de ángel, izenak ere bere itxura gogorarazten digu.
Aixena (Eibar, Bergara); aixen-ezkerra (Mutriku, Lekeitio, Deba).
Zurtoinaren itxuragatik. Garrantzitsua da ez nahastea landare espezie hau aurreko batean ikusi genuen euskara batuko ezker-aihen edo ezkertearekin (gaztelaniaz, campanilla edo correhuela).

Tximeleta bizar gainean
FUNTZIOA

Ezkabia-belarra (Hiztegi batua).
Azaleko gaixotasunak sendatzeko ibiliko omen zen sasoi batean (ezkabia ‘tiña’).

Basozigarroa (Bergara, Mutriku).
Garai batean erre egiten zutelako gaztetxoek, aihena ihartuta zegoenean.

Sasitzan gora, aihenzuria

Gaztelaniazko hainbat izenek (hierba de los pordioseros, hierba de las llagas, hierba ardiente) erdi-aroko eskaleek zeukaten ohitura bitxi bati egiten diote erreferentzia: landare honekin zauriak egiten zituzten azalean herritarren errukia bilatzeko asmotan.

Zoazte basora eta ea zeren itxura hartzen diozuen: bizarra, amarauna, aihena...

Orrazkera txukuna!